"Araudia aldatu eta zorroztu beharra dago"

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 3a, 12:47

Garazi Iriondo Stop Istripuak elkarteko bide hezitzailea da, eta Villabonako bikoteari pasa den astean gertatu zitzaionaren harira, gaur egungo araudia aldatu eta zorrozteko beharra ikusten dutela elkartetik nabarmendu du.

 

Legediaren malgutasuna krtikatu du, era askotariko interpretazioak izan baititzake: "Epailearen sentsibilizazio mailaren arabera, pasa den astean gertatutakoa bi pertsonen hilketa moduan hartu daiteke edota istripu baten moduan". Eta azken hori da, hain juxtu, aldatu beharko litzatekeen beste puntuetako bat elkartearen ustez. "Gauza bat da istripu bat, eta bestelakoa da bide indarkeria, eta iragan astean gertatutakoa bide indarkeria da. Alkohola edan duen gidari bat dago, baimendutako tasa bost bider zuena gainera, eta bi bizitza kendu ditu. Berak erabaki du modu horretan kotxea hartzea, bere erabakia izan da". adierazi du Iriondok. Horregatik ikusten du legedia zorroztu beharra, eta Norbegiaren kasua jarri du adibide moduan: "Han positibo emateagatik isun gogorrak dituzu, eta kopuru batetik gora kartzela zigorra ere bai, nahiz eta ezbeharrik ez sortu, horrelako jarrera bide indarkeriatzat hartzen dutelako".

Istripuaren eta bide indarkeriaren arteko aldeaz galdetuta, istripua kontrolaezinezko egoera bat litzatekeela azaldu du: "Esaterako, bihotzekoak eman eta autoa ezin kontrolatu geratu ostean talka egiten baduzu hori istripua litzateke".

Legearen malgutasunaren beste adibide bat ezbehar baten aurrean laguntza ematearen derrigortasunean dago, izan ere, Stop Istripuak elkarteko bide hezitzaileak dioenaren arabera, legez derrigor laguntza eskaini behar den arren, epaile batzuek hori ere ez dute aintzat hartzen". Hala, beraiek erabiltzen duten mezua gaztetxoei zabaltzeko BAL izaten da: "babestu, abixatu eta lagundu, hurrenkera egin behar dugu istripu baten aurrean bagaude".

Legediaz gain, "enpatia edo errespetu falta handia" dagoela ere uste du Garazi Iriondok: "Pertsona bakoitza arduratsua bada, ez legoke ezbeharrik bideetan; kotxea, motoa, bizikleta... behar bezala erabiltzen baditugu ez legoke ia istripurik".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!