Saharako haurrei harrera egin diete Anoetako plazan

Jon Miranda Labaien 2018ko uzt. 2a, 17:45

‘Oporrak bakean’ programa laguntzen duten udaletako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, Saharako 32 haurrei ongi etorria emateko

Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik 32 haur etorri dira eskualdera uda pasatzera. Tolosaldea Sahararekin elkarteak 2000. urtetik martxan duen Oporrak bakean programaren bitartez etorri dira, Aljeriako basamortuko berotik ihesi. Maiatzak 20 elkarteak kudeatzen duen Tolosako San Esteban auzoko aterpetxean egongo dira hamahiru haur eta gainerakoek eskualdeko familietan hartuko dute ostatu. Seik Tolosan, bostek Anoetan, hiruk Amasa-Villabonan eta banak Alkizan, Ibarran, Berastegin, Larraulen eta Lizartzan. Iazkoaren aldean, hamar harrera familiatik hemeretzira igaro da kopurua, eta aterpetxean bi haur gehiago izango dira.

Nur-edin da Tindoufetik etorritako ume horietako bat eta hitza hartu du gaur Anoetako plazan egin zaien harrera instituzionalean: «Eskerrik asko urtean zehar janaria eta arropa bidaltzen diguzuelako. Gu gustura etortzen gara Euskal Herrira». Eskualdeko udalak, harrera ematen dieten familiak, eta oro har, Euskal Herri osoa hartu du gogoan Nur-edinek, eta bereziki, Anoetako herriari eman dizkio eskerrak.

Aurten, bost dira Anoetan uda pasako duten Saharako haurrak eta horregatik eskatu zuen udalak, Tolosaldea mailan egiten den harrera instituzionala bertan egitea. Josune Eizmendi Ongizate eta Parekidetasun zinegotziak azaldu du: «Ikusita geroz eta ume gehiago hartzen ditugula herrian pentsatu genuen aproposa zela Anoetan egitea eta argi genuen ez genuela arratsaldeko zazpietan eta pleno areto baten barruan egin nahi. Plazara zabaldu eta umeei begira antolatu dugu harrera». Udaleku irekietan parte hartzen ari diren umeek plazako punta batetik bestera zabaldu duten korridoretik pasa dira Saharako 32 haurrak eta txalo artean hartu dituzte. Agurra ere dantzatu diete eta domina bana zintzilikatu diete lepotik. Goiza borobiltzeko apar festan nahastu dira guztiak, hangoak eta hemengoak.

«Plaza honetan oso ondo zaintzen dituzte Saharatik etorritako haurrak». Hori nabarmendu du Alazne Ruiz Luluagak. Hirugarren urtea da Nur-edini harrera egiten diotela etxean: «Guk beraiei baino gehiago ematen digute beraiek guri. Oso esperientzia polita da eta horregatik errepikatzen dugu familia gehienek. Nik ekimenean parte hartzera animatuko nituzke herritarrak». Lehen egun hauetan, osasun azterketak egingo zaizkie banan-banan Saharako haurrei eta osasun zentroekin elkarlanean beharrezko artapena emango zaie. Gainerakoan, hemen uda partean umeek egiten dituzten ekintzak burutuko dituztela nabarmendu du Eizmendik: «Mendian ibili, festetara joan eta uretan ibiltzeko baliatzen dituzte bi hilabeteak. Beraientzat pentsaezinak dira hemengo igerileku eta hondartzak».

Udako bi hilabeteak familietan pasa arren, umeekin ekintzak egiteko eta aterpetxean begirale lanetan aritzeko hainbat pertsona kontratatzen dituzte urtero. Eskualdeko udalek egindako ekarpenari esker ari dira lanean begiraleak, eta bide batez, Euskal Herrira etortzeko bidaiaren kostua ere udalen kargu joaten da. Atzo Gaur egindako harreran parte hartu dute, besteak beste, Tolosa, Alegia, Irura, Leaburu-Txarama eta Anoetako udal ordezkariek.

BORROKA POLITIKOA ERE BADA

Tolosaldeko udal ordezkarien izenean Pello Estangak hitz egin du harrera ekitaldian, eta umeei ongi etorria emateaz gainera, haurrak gure artean zergatik dauden gogorarazi nahi izan du bere hizketaldian: «Urte askotan zehar Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen. Duela 44 urte Espainiak handik atera eta bertako biztanleei autodeterminazio erreferenduma agindu arren, oraindik promesa ez da gauzatu. Mauritania eta Marokorekin hitzarmena sinatu eta azken honek martxa berdea antolatu ondoren, zuen lurraldea erasotua izan zen eta biztanleria banatuta geratu zen. Batzuk Marokok okupatutako lurraldeetan eta beste batzuk Aljeriako basamortutako kanpamenduetan. Handik etorriak zarete zuek eta handik dakarzue zuen herriaren egoeraren berri».

Iritzi berekoa da Ruiz de Luluaga ere: «Soilik laguntza humanitarioa dela dirudi, baina hori baino gehiago da, argi eduki behar dugu arazo politikoa bizi dutela eta konpondu bitartean umeek hona etortzen jarraitu beharko dute». Eizmendiren ustez, berriz, bertako umeek jakin behar dute bi hilabetez eurekin jolasten ibiliko diren gaztetxoak zergatik dauden hemen: «Guk diru eta aukera gehiago daukagulako eskuzabaltasunez ematen dugunaz gainera, haiek dakarten mezua ere jaso behar dugu». Horregatik, proiektuan parte hartzen ari diren pertsona guztiak gogoratuz amaitu du ekitaldia Anoetako alkateak: «Eskerrik asko denei, aterpetxeko boluntarioei eta familiei, haur hauei zuen etxeetako ateak eta bihotzak zabaltzeagatik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!