Tolosaldeak ETE Ligan jokatuko du

Mikel Iraola 2018ko uzt. 2a, 11:37

Tolosaldea zortzigarren eta hamargarren izan da denboraldiko lehen bi estropada puntuagarrietan. ETE Ligako estropadak jokatuko dituzte aurrerantzean.

EuskoTren Liga urrun du oraindik Tolosaldeak. Ez zen helburua bertan egotea, ezta nahi ere. Pixkanaka irabazi nahi du lekua onenen artean. Baina tira, estropadak beti jokatu egin behar izaten dira, eta aukera hori hor zegoen. Eta horrelakoak, badaezpada, beti jokatu ondoren esan behar izaten dira.

Larunbatean Sestaoko bandera jokatu zen, eta Tolosaldea zortzigarren izan zen. Aurreko asteekin alderatuta, ordea, hobekuntza nabarmena nabaritu zuen eskualdeko ontziak, ziabogan batik bat. «Irteera ona egin genuen, eta brankaz luze ona egin genuen. Azpimarratzekoa izan zen patroiaren lana ziabogan», dio Maider Zumetak.

Zazpigarren denborarik onena markatu zuten ziabogan, San Juanek baino 20 segundo gehiago. Poparean, ordea, ez zuten asmatu. Itzulerako luzean 10. denbora egin zuen Tolosaldeak, bi luzeetako denborak batuz, ordea, zortzigarren egin zuen. «Hala ere, gustura gaude egindako lanarekin. Gogor egin dugu lan, gozatzera gatoz, eta horretan ari gara», azaldu du Nagore Urdapilletak.

Igandean, berriz, gehiago kosta zitzaion Portugaleten. Hamargarren izan zen, larunbatean atzean utzi zituen Puebla-Cabo eta Hibaikaren atzetik. 11:23.19ko denbora egin zuen, San Juan irabazleak baino 40 segundo gehiago.

Lanean jarraituko dute

Hortaz, Tolosaldeak ETE Ligan jokatuko du aurtengoan. San Juan, Orio, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia arituko dira EuskoTren ligan, lehen mailan. Bigarren mailan, berriz, Donostiarra, Deustu, Kaiku, Hibaika, Hernani, Lea-Artibai, Colindres eta Lapurdi ariko dira.

Liga berrian, ahal duten onena emateko gogoz dira eskualdeko arraunlariak: «Pixkanaka postuetan gora egiteko eta, nork daki, banderaren bat etxera ekartzeko gogor jarraituko dugu lanean», diote Zumetak eta Urdapilletak. Hurrengo estropada igande goizean jokatuko dute, Donostian.

Sailkapenak

Sestaoko Udaletxea Bandera

  1. 1. San Juan 11:06.40
  2. 2. Orio 11:10.54
  3. 3. Hondarribia 11:17.08
  4. 4. Donostia Arraun Lagunak 11:17.26
  5. 5. Kaiku 11:37.02
  6. 6. Donostiarra 11:42.04
  7. 7. Deustu 11:43.08
  8. 8. Tolosaldea 11:50.92
  9. 9. A Pobra-Cabo 11:57. 68
  10. 10. Hernani 12:06.58
  11. 11. Hibaika 12:18.92
  12. 12. Lea-Artibai 12:50.52

Portugaleteko Petronor Bandera

  1. 1. San Juan 10:42.73
  2. 2. Orio 10:50.99
  3. 3. Donostia Arraun Lagunak 10:57.91
  4. 4. Hondarribia 10:58.77
  5. 5. Hibaika 11:09.73
  6. 6. Deustu 11:10.15
  7. 7. Donostiarra 11:10.51
  8. 8. Puebla-Cabo 11:11.93
  9. 9. Kaiku 11:12.63
  10. 10. Tolosaldea 11:23.19
  11. 11. Hernani 11:30.73
  12. 12. Lea-Artibai 12:09.01

Sailkapen orokorra

  1. 1. San Juan 24 puntu
  2. 2. Orio 22 p.
  3. 3. Donostia Arraun Lagunak 19 p.
  4. 4. Hondarribia 19 p.
  5. 5. Donostiarra 13 p.
  6. 6. Deustu 13 p.
  7. 7. Kaiku 12 p.
  8. 8. Hibaika 10 p.
  9. 9. Puebla-Cabo 9 p.
  10. 10. Tolosaldea 8 p.
  11. 11. Hernani 5 p.
  12. 12. Lea-Artibai 2 p.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!