«Kilometroak hitzordu parte hartzaileago bat izatea da helburua»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 3a, 09:03

Zorioneko dira Zubimusu ikastolako kideak. 2020an, lehen aldiz antolatuko dute Kilometroak festa. Eta ez dute, ez, nolanahiko erronka: Kilometroak jaiaren eredu aldaketa eurek jarriko dute martxan. Bideo hunkigarri baten bitartez jakinarazi zioten berria, ikastolako komunitateari, eta une hartan piztutako ilusio txinpartari eutsi nahi diote, Nerea Zumeaga kudeatzaileak eta Arantxa Santamaria pedagogia zuzendariak.

2020a urte garrantzitsua izango da zuentzat. Hara begira al zaudete jada?

Nerea Zumeaga: Nik uste dut albistea barneratzen ari garela oraindik. 2019ko urtarrilean hasiko gara guztia martxan jartzen, beraz, oraindik datorrenaren kontzientzia hartzen ari gara.

Aiztondo bailarak ez du sekula KMK festa antolatu.

Ana Santamaria: Ikasturte honetan laugarrenez egin dugu Kilometroak jaia antolatzeko eskaera; 2017rako eskatuz hasi ginen, eta 2020koa lortu dugu. Guk gure proiektuaren defentsa egin izan dugunetan, beti azpimarratu izan dugu, ikastolarentzat ez ezik, bailararentzat ere oso onuragarria litzatekeela festa hori antolatzea, hemen ez dugulako sekula horrelako jaialdi bat antolatu izan. Aldameneko herrietan antolatu izan dituzte, bai Iruran, bai Andoainen, baina hemen ez.

N.Z.: Gainera, jaia ez dugu Villabonarako eta Zizurkilerako bakarrik ulertzen. Asteasu, Larraul, Aduna eta gainerako herri horietara guztietara ere eramango ditugu urtean zeharreko jarduerak.

Gaur egun, zein da Zubimusu ikastolaren egoera, zenbakitan?

A.S.: 650 ikasle, 400 familia baino gehiago eta 50 langile aritzen gara Zubimusu ikastolan.

N.Z.: Gure behar handienak eraldatze pedagogikoaren bidetik iritsi dira. Zizurkilen eta Txermingo eraikinetan obra garrantzitsuak egin ditugu azken hiru urteotan eta, aurrera begira ere, eraldatze horrek jarraitu egin behar duela uste dugu. Horrela, Kilometroak laguntza handia izango da, orain arte eginda dauden proiektuei nahiz aurrera begirakoei bultzada bat emateko.

Zein norabidetan egin dituzue eraldatze pedagogiko horiek?

A.S.: Duela bizpahiru ikasturte konfiantzaren pedagogiari buruzko informazioa jasotzen eta irakasleei formakuntza eskaintzen hasi ginen. Haur Hezkuntzako irakasle guztiak trebatu eta gero, joan den ikasturtean, Zizurkilen, martxan jarri genuen konfiantzaren pedagogia. Ikastola nahiko txikia izateak nolabaiteko proba pilotu bat egitea ahalbidetu digu eta, beraz, Zizurkilen eredu pedagogiko hori martxan jarri eta gero, Txermingo ikastolan ere lehenengo pausoak ematen hasi ginen gero. Horren barruan erabaki genuen, joan den udan, Txermingo eraikinean obrak egitea, bi eta hiru urteko geletan. Espazio irekiak egokitu ditugu, eta konfiantzaren pedagogia bere osotasunean landu dezakegu orain, horri esker. Egiazki, eredu pedagogiko hori Haur Hezkuntzatik datorren proiektua da, eta konfiantzaren pedagogiatik nahiz beste hainbat iturritatik edaten du. Horrela, hurrengo ikasturtean Haur Hezkuntza osoan jarriko dugu martxan, eta baita Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan ere, aldaketa txiki batzuekin. Gure helburua da, pixkana, pedagogia berritzaile hori ziklo eta etapa guztietara zabaltzea.

Begirada atzera botaz, zuen iritziz, zein paper jokatu dute ikastolek euskal gizartean?

N.Z.: Ikastolak, historikoki, euskal gizartea euskaldundu duten erakundeak izan dira, eta gurasoengandik sortutakoak. Gurea 1965ean sortu zen Santio ikastola izenarekin, bailarako ikastola izateko. Garai hartako hezkuntza sistemaren aurrean, gurasoek bestelako ereduak nahi zituzten beren seme-alabentzako, eta halaxe sortu zen ikastola, herri guztietakoak bezala.

Gizartea aldatu da, eta ikastolek gizartean daukaten lekua ere bai. Orain, zein paper ikusten diezue ikastolei?

N.Z.: Euskal Herria euskalduntzeko ezinbestekoak izan dira ikastolak, baina egia da euskal gizartea aldatu egin dela, eta gaur egun beste egoera batean gaudela. Ordea, gaur egun ere, ikastolek herritik sortutako erakunde izaten jarraitzen dute, kooperatibak baikara guztiok; gure kasuan, langile eta gurasoak gara titulartasunaren jabe. Gure eredua hezkuntza eraldatzailetzat dugu, oinarri zehatzekin, eta bide horretatik jarraituko dugu, hezkuntza eraldatzeko eta herriarentzat lan egiten.

Urteotan guztiotan, zein garapen izan du, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, euskararen presentziak eta erabilerak?

N.Z.: Azken neurketetako emaitzak oso kaskarrak dira, bai Amasa-Villabonan, bai Zizurkilen. Kezkatuta gaude, gaur egun ezagutza handia delako, baina erabilera asko jaisten ari delako gazteen artean. Guk ere ikusten dugu, ikasleek erraztasun handiz jotzen dutela gaztelerara. Gainera, gero eta gazteagotatik hasten dira gazteleraz hitz egiten; garai batean, beharbada, nerabezaroko kontu bat izaten zen hori, baina orain ez. Datuak oso kezkagarriak dira.

Hori aldatzea al da zuen erronka handienetako bat?

A.S.: Nereak [Zumeagak] esan duen bezala, duela zenbait urte DBHko ikasleen joera izaten zen, beren artean gaztelera erabiltzearena, eta Lehen Hezkuntzan oso altua izaten zen euskararen erabilera. Baina gazteleraren erabilera igotzen ari da eta adina jaisten, eta hori da kezkagarriena.

N.Z.: Erronka handia daukagu hor.

Zuen ikastolan, identifikatu dituzue horren eragile izan litezkeenak?

N.Z.: Asko daude.

Kasuan kasukoa dela uste duzue?

N.Z.: Bai, zaila da arrazoi bateragarriak aurkitzea. Beharbada, gaur egungo gazteek ez diote, euskarari, garai batean ematen zitzaion garrantzirik ematen. Aurreko bizpahiru belaunaldiek lan handia egin zuten hurrengoei euskara helarazteko, eta beraiei, nolabait, errazago iritsi zaie euskara. Kontzientziazio falta hori izan liteke arrazoietako bat.

Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du Kilometroak jaiak, eta zuei egokitu zaizue festaren aldaketa urtea. Zergatik bestelako Kilometroak bat?

N.Z.: Batez ere eguna aldatuko da. Dimetsio handia hartu duen eguna da, eta Kilometroak antolatzen duen ikastolarentzat, egun handia izaten da. Festa kontsumoan oinarritutako hitzordu bat beharrean, hitzordu parte hartzaileago bat izatea da helburua; kontzertu bat programatu eta begirale huts bezala egon beharrean, haur eta helduek eraiki, egin eta sor ditzatela gauzak. Bestetik, urtero ikastola bakarrari pisu guztia gainean jarri beharrean, Ikastolen Elkartearen nahia da, urtero Gipuzkoako beste ikastolak ere inplikatzea. Orduan, 2020an, Zubimusu ez da lanean bakarrik ariko: zenbait jarduera antolatzeko Gipuzkoako beste ikastolen laguntza jasoko dugu. Adibide bat jartzearren, arropa salmentan, Zubimusu ikastola herriz herri arropa saltzen joan beharrean, tokian tokiko ikastolek lagunduko ligukete horretan. Egia da, zaila izango dela, egun batetik bestera, Kilometroak eredu batetik bestera kolpean aldatzea. Baina orain artekoa aldatu nahi dugu, eta Kilometroak ikastola guztien festa izatea, ez, bakarrik, Zubimusurena.

Ikastolen Elkarteko hausnarketa baten ondorio izan da hori guztia. Aipaturikoaz gain, aldaketa horretan zerikusia izan du, adibidez, gazteen alkohol kontsumoak?

N.Z.: Bai, hori ere moztu nahi dugu. Ez dadila izan botiloi festa bat, eta izan dadila festa parte hartzaile bat, eta ikasleak oinarri dituen festa bat. Tolosako Laskorain ikastolak Kilometroak jaia antolatu zuenean, lan handia egin zuten gazteak Erronkara erakartzeko; izugarrizko apustua izan zen eta ondo funtzionatu du. Baina argi dago alkoholaren presentzia ez dela murriztu.

A.S.: Ikasle asko Erronkan parte hartu eta bukatzeko zain egoten dira, kontsumitzen hasteko; hori da errealitatea.

Dena den, ez da, bakarrik, Kilometroak festaren arazoa.

N.Z.: Ez, festa eredua aldatu egin da, oro har, izugarria da.

Antolakuntzari dagokionez, orain arteko moldeei helduko diezue ala aldaketak izango dira?

A.S.: Hori, egia esan, oso bideratuta izaten da Ikastolen Elkartetik, bai baitago horren ardura daraman talde bat. Koordinatzaile bat izendatu, lan taldeak egin, pertsona kopurua gutxi gorabehera zehaztu,... Pentsatzen dut hori ez dela gehiegi aldatuko. Egunean bertan egingo ditugun jarduerak aldatuko dira gehiago, eta baita beste ikastolen inplikazioa ere, esan bezala.

Lelo bat izango da guztiaren txapel?

N.Z.: Bai. Leloa, arropa, abestia,... Hori guztia mantendu egingo dugu.

Zein izango da 2020ko Kilometroak festaren data?

N.Z.: Nik apuntatua dut jada. 2020ko urriaren 4an izango da.

A.S.: Urriko lehenengo igandea izaten da.

N.Z.: Uste dut urriko lehenengo igandeak baduela sinbologia bat. Antza, 1936ko gerra baino lehen, urriko lehen igandean euskaltzaleak elkartu egiten ziren, festa bat egiteko. Ez da kasualitatea, beraz.

Nola ikusten duzue zuen ikastolako komunitatea Kilometroak jaiaren aurrean?

N.Z.: Gogotsu. Askotan galdetu izan digute: «Eta Villabonan noiz antolatuko dugu Kilometroak?». Ikastolako jaialdia eraberritu egin genuen aurten, eta Milimetroak izena jarri genion. Kilometroen eredu berri horretarako proba txiki bat egin nahi izan genuen, eta jaialdiaren bukaeran berria plazaratu genuen. Jendeak ilusio handiz hartu zuen eta, lan handia ekarriko digula jakinda ere, gogo handiz. Gainera, nahiz eta Kilometroak jaiak helburu ekonomiko argia izan, guretzat oso garrantzitsua da helburu soziala ere: ikastolako komunitatearen parte hartzea sendotu nahi dugu, eta baita ikastola bera ere, erakude moduan, bailaran. Jendeak senti dezala, beraiek ere ikastolako zati garrantzitsu direla.

A.S.: Milimetroak festan ikasle ohi asko gerturatu zitzaizkigun, 2020rako beren burua lanerako eskainiz, eta baita guraso ohiak ere. Jende asko behar izaten da, baina jendea gogotsu dago.

Lehenengoa izateak ere piztuko du grina hori, ezta?

N.Z.: Urretxuk hirugarrenez antolatuko du, eta Laskorainek ere hiru aldiz antolatu du honezkero.

A.S.: 2019an ere, Zarautzen, ez da lehenengo aldia izango. Gu gara, Kilometroak sekula antolatu ez dugun ikastola bakarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!