«Preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak egotea salbuespenaren irudia da»

Iñigo Terradillos 2018ko eka. 28a, 13:33

Espainiako Gobernuak kartzela-politika aldatzeko duen asmoaz hitz egin dute Naike Diez eta Jon Ijurko Etxerateko kideek. Era berean, adinekoek dispertsioa nola pairatzen duten erakusten duen dokumentalaren Ibarrako aurkezpenaz ere hitz egin dute.

Espainiako Gobernuak iragarri duen aldaketarekin "itxaropen puntu bat" pizten dela azaldu dute, baina, "hankak lurrean eta burua hotz" dituztela diote: "Gure ilusioak askotan horretan geratu baitira ilusio hutsean, eta horregatik, gauzatu bitarte preso guztiak hurbiltzeko eskatzen jarraituko dugu".

Gaur egungo testuinguruak horrelako aldaketak ematea eskatzen duela argi dute: "ETA erakundeak bere amaiera eman ondoren ez dago beste aitzakiarik salbuespen lege hori mantentzetzeko. Lehenago ere ez luke egon behar legalitatearen aurka egitea delako". Salbuespen egoera amaitutzat ematea beharrezko ikusten dute Etxerateko kideek: "Azpimarratzekoa da preso gaixo larriak eta 70 urtetik gorakoak egotea salbuespenaren irudi bat dela, normalean kalean egon beharko luketelako, hirugarren graduan edo beste espetxe araudi bat aplikatuz".

Alderdi batzuk erabakiarekin kritiko agertu izanaz galdetuta, bestelako iritzia zutela lehen gogoratu dute: "Kuriosoa da, izan ere, Borja Semperrrek esana du ETA bukatutzat eman eta 24 ordu nahikoak izango zirela dispertsio politika amaitzeko".

Bestalde, haurrekin egin zuten moduan, dispertsioak pertsona helduengan duen eragina gizarteratzeko kanpaina jarri zuen abian urte hasieran Etxeratek. Kanpainaren barruan lekukotzak jasotzen dituen dokumentala egin dute, eta Ibarran aurkeztuko dute, kultur etxean, uztailaren 5ean, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!