Gure Zirkuaren bira ibiltaria: lehen geltokia

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 27a, 09:07

Gure Zirkua herriz herri ibiliko da uda honetan eta lehen geldialdia Amezketan egingo du. Artista euskaldunekin osatu dute ikuskizuna, tartean eskualdekoekin.

Amezketako Jauregi Haundi etxearen ondoko zelaiak ikuskizun berezia hartuko du bihartik hasi eta igandera arte, Gure Zirkuak urria bitarte egingo duen biraren lehen geldialdia egingo baitu bertan.

Amezketako Udaletik deitu zieten Gure Zirkuako kideei bertara joateko, eta horrela suertatu da Amezketa izatea biraren lehenengo herria. «Jakin zuten zirkuarekin ari ginela eta bertara joateko eskatu ziguten, eta guri oso ondo iruditu zitzaigun», azaldu du Iker Galartzak, zirkuaren arduradunak. «Ni bertakoa naiz eta, beraz, oso pozik bira jaioterrian hastearekin».

Guztira bost emanaldi egingo dituzte: ostegunetik igandera bitarte, egunero 19:00etan, eta larunbatean bigarren bat egingo da, 21:30ean. Sarrera gutxi batzuk geratzen dira, eta horiek zirkuaren txarteldegian salduko dira, 17:00etatik aurrera egunero. Hori bai, igande arratsaldeko emanaldirako sarrerak agortuta daude.

Galartzak esan duenez, oraindik emanaldiaren urduritasunak ez zaizkie iritsi: «Ez dugu horretarako denborarik izan, karpa muntatzen aritu baikara, eta eguraldiak ere baldintzatu digu lan hori». Behin karpa jarrita, «hasiko gara urduritzen, eta gozatzen ere bai», gaineratu du.

Euskal Herrian sortutakoa da Gure Zirkua, eta bertako artistekin osatua, horietako batzuk eskualdekoak. Alanbre gainean Garazi Pascual lasturtarra ariko da, trapezioan Iraitz Lizarraga zizurkildarra, akrobaziak egiten Koldo Arakistain zarauztarra izango da, magia egitearen ardura Asier Kidam gasteiztarrak izango du, malabarrekin jolastekoa Ekain Ibarguren azpeitiarrak, eta Irati Gonzalez iruindarra telak eta akrobaziak egiten ariko da. Joseba Usabiaga tolosarra Don Martin pailazoa izango da, eta Galartza Poxpolo pailazoa. Azken biek egingo dituzte aurkezpen lanak ere.

Galartzak nabarmendu du «poza» ematen duela diziplina horietan Euskal Herriko artistak aritzea. «Hemen ere badaude zirkuan aritzeko gai diren artistak. Agian jendeak pentsatzen du horrelako diziplinak hemen ez direla lantzen, baina afizioa badago eta artistak ere badaude». Emanaldiak euskaraz izango dira: «Gure hizkuntza euskara da, euskaraz bizi gara, eta, beraz, zirkua ere euskaraz egingo dugu».

LEHENENGOA IBILTARIA IZATEN

«Esan daiteke lehenengo zirku euskaldun ibiltaria dela», esan du Galartzak. «Zirkua Euskal Herrian jende askok egin du, eta urte askotan. Bai antzokietan, bai kalean, bai kultur etxeetan... Baina karpa batekin eta batetik bestera, izaera ibiltari horrekin, lehenengoak izango garela uste dut».

Galartza bera ere aritu izan da beste zirku batzuetan. «Beti gustatu izan zait mundu hau, eta telebistan eta antzerkian oporrak izan ditudanean, batzuk futbolera joaten diren moduan, niri zirkura joatea gustatzen zait. Mundu horretan dabiltzanak ere badakite hori, eta hona Euskal Herrira zirkuren bat etorri denean, badakite hemen beste hizkuntza bat dagoela, artista euskaldunak badaudela, eta saiatzen dira zerbait euskaraz egiten, eta meritu hori ere badute. Deitu egiten gaituzte eta esku bat botatzen diegu».

Oraingo honetan, proiektuaren bultzatzaile moduan dabil Galartza. «Egunen batean guk gure zirkua ere eduki beharko genuela pentsatzen genuen, eta oraintxe ari gara saiakera horretan», azaldu du. Eta oraingoz gustura daude jasotzen ari diren interesarengatik. «Kuriositatea badago, eta jakin-mina, eta zirkuak berak badu zerbait magikoa dena eta erakarri egiten duena».

Amezketako emanaldiak bukatuta, Aiara joango da Gure Zirkua, gero Zumaian izango dira, eta handik Ordiziara. Hortik aurrera Bizkaiara joango da karpa ibiltaria. «Aurtengo uda horrela joango zaigu, batetik bestera, karpa muntatzen eta desmuntatzen», esan du Galartzak. «Horixe da ere zirkuaren bizitzaren parte». Behin bira bukatuta, Galartzak nahiago du karpa muntatuta egotea, «zimur-zimur eginda garaje batean egotea baino». Aurretik Tolosako zezen plazan egon da Gure Zirkua, bertan haurrei zirku tailerrak eskainiz. «Bide horretan jarraitu nahi dugu, eta ea posible dugun berriro ere karpa Tolosan izatea», esan du Galartzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!