«Eragindako mina aitortzeko» eskatu diote Grande Marlaska ministroari

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 26a, 13:17
Argazkia: Argia.eus

Torturaren Biktimen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta Grande Marlaska instrukzio epaile zelarik torturak salatu zituzten zenbait herritarrek agerraldia egin dute, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, eragindako mina aitortzeko eskatuz. Besteak beste, bertan izan da Aritz Lopez tolosarra.

Ezker Abertzaleak Fernando Grande-Marlaska barne ministroari egindako mina aitortzeko exijitu dio, bere jardunak tortura ahalbidetu zuela argudiatuz. Amaia Izko abokatuak hartu du hitza, eta azaldu du herritar ugarik «izua, beldurra eta oinazea» sentitu zutela Grande-Marlaska epailea Espainiako Barne ministro izendatu zutela jakitean. Izan ere, instrukzio epaile zela 223 atxilotuk torturak eta tratu txarrak salatu zituzten. «Ez ikusiarena egin zuen lekukotzak entzun zituenean», esan du.

2004tik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bederatzi aldiz zigortu du Espainia torturak ez ikertzeagatik, eta bederatzi kasu horietatik seitan Grande-Marlaska izan zela atxilotuen eskubideak bermatzeko erantzukizuna zuena.

Hori dela eta, «bakean eta bizikidetzan oinarritutako herri batean bizi ahal izateko» gaur agerraldian izan diren herritarrek «eragindako mina» aitor dezala eskatu diote Grande-Marlaskari. Horrez gain, torturaren erabileraren bidez lortutako inkulpazio zein autoinkulpazioen kasuan ezarritako zigorrak baliogabetu egin beharko liratekeela eskatu du Ezker Abertzaleak: «Espainiako presidente Pedro Sanchezek eta Grande-Marlaskak aukera paregabea dute justizia trantsizionala aplikatzen hasteko», azaldu du Izkok.

Aritz Lopez tolosarra agerraldi horretan izan da. Berak ere torturak salatu zituen: «Min guztiak aitortu behar direla esan izan dute; Euskal Herrian izan dira bestelako min batzuk ere, eta horiek aitortzeko eskatzen diogu gobernu berriari», azaldu du. Lopezekin batera, eskualdeko beste bost herritarrek salatu zituzten torturak Grande-Marlaska instrukzio epaile zela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!