Bost urteko ibilbidea

Naiara Roldan de Aranguiz 2018ko eka. 20a, 10:45
Ikaztegietan egin du aurten 'Ataria'-k Urteko Batzarra. I. GARCIA LANDA

Tolosaldeko Komunikazio Taldeak Urteko Batzarra egin zuen ostegunean Ikaztegietako udal aretoan. Ondoren, mahaiaren bueltan elkartu eta afari legea egin zen 40 bat gonbidaturekin.

Urriaren 6an, geroz eta gertuago dagoen data horretan, urtebetetze eguna izango du TOLOSALDEKO ATARIA-k. Bost urteko bidea osatuko du tokiko komunikabideak. Eta zifra borobil horri men eginez, urtekoari begiratu baino, sortuz geroz osatutako bost urtekoari egin zion erreferentzia ATARIA-k, aurkezpen modura Urteko Batzarrean. 

Izaera multimedia, lanpostuen egonkortzea, webgunearen eguneraketa, irratian egindako inbertsioak, komunikabidearen bueltako beharrezko sarea, 2017ko zenbakiak eta 2018ko aurreikuspenak... Era batera edo bestera aipatu beharreko ezinbestekoak izan ziren osteguneko bilkuran.

Komunikabidea barrutik ezagutzen dutenen azalpenak entzunda, galde-erreguetarako tartea izan zen. Orduan, Ikaztegietara bertaratutako udaletako ordezkari, kolaboratzaile, iritzi emale, elkarteetako bozeramale edota irakule zenbaitek euren kezka, eskaera eta eskerrak aurkeztu zituzten. Jasotako mezuen artean azpimarratu eta ATARIA-k aurrerantzean kontuan hartzeko zenbait ere izan ziren.

Esaterako, Tolosaldeko komunikabideak bere bost urteko bidean orain artean egin bezala, erakunde ezberdinekin elkarlanean jarraitzeko apustuaz hitz egin zen batzarrean. Sinergien beharraz, alegia. Adibide bat jartzearren eta euskararen erabileran eragite aldera, Euskaraldiarekin egin nahi den apustua baliatuta, ATARIA, Galtzaundi eta Uemaren arteko lankidetza ezinbestekotzat jo zen.

 

Horrekin batera, eta elkarlana alboratu gabe, pedagogiaren beharraz mintzatu ziren bertaratutakoak. Interneteko kontsumitzaileengan arreta jartzearen beharraz jardun ziren luze eta zabal. Esaterako, 2017an ataria.eus-ek eskuratu zituen 1.086.435 bisita, hobeto esanda, 237.941 erabiltzaile horien %95ak ez du ATARIA ekonomikoki babesten, kontsumo guztia dohainik egiten du. Nola sozializatu ordea, komunikabidearen profesionalizazio eta beharra? Atzean dagoen lana? Bultzada ekonomikoaren halabeharra?

Eztabaida horren aurrean erronkari heldu, lanketa egin eta sozializazio horretan eragiteko konpromisoa hartu zuen ATARIA-k.

Bide berean kokatu ziren bertan bildutako eragile eta udal ordezkariak ere. Elkarrekin egiteko bide gisa ulertu baizuten proposatutako lana.

HAUSNARKETAREN ONDORENGOA

Ikaztegietako udal aretoa utzi eta Herrigintza elkartera lekualdatu zen osteguneko ATARIA-ren bilkura. Mahai baten bueltan bildu, jan-edanak eskura, eta giro lasaian, afari legean, amaitu zen Urteko Batzarraren zita.

Gauzak honela, ATARIA-ri eskerrak ematea besterik ez dagokio, Urteko Batzarra, iritzi trukaketa edo ondorengo afaria lantaldearekin batera partekatu zuten 40 bat norbanako horiei. Beste horrenbeste, Ikaztegietako Udalari zein Herrigintza elkarteari prestutasun osoa erakusteagatik.

Honela, TOLOSALDEKO ATARIA-ren lehen bost urte hauetako bidea, luzerako begirada bihurtuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!