Udako solstizioa ospatzeko ordua

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 20a, 08:00

San Joan bezpera ospatuko da eskualdeko herri gehienetan larunbatean; ohiturari jarraituz suaren bueltan egingo dira ospakizunak.

San Joan bezperakoa urteko gaurik motzena izaten dela esaten da. Aurten larunbatez ospatu ahal izango da eta ohi denez, suaren bueltan ospatuko dute eskualdeko herri gehienetan. Udako solstizioa izango da hilaren 23an eta urtaro berriari ongi etorria emateko hamaika aukera egongo da; dantza, kantua eta noski, afariak. Abaltzisketan, Belauntzan eta Tolosan, gainera, herriko jaiak ospatzen dituzte sanjoanetan, eta beraz, egun osoko egitarauak dituzte.

Uda beroarekin, argiarekin eta ernaltzearekin lotzen da. Ekiarekin, eguzkiarekin, alegia.

Udako solstizioa, ekainaren 21tik udazkeneko ekinozioa iritsi bitarte, irailaren 22a arte, eguzkia gorenera iritsi dela adierazten duen aroa da. Herritarren artean hala ere, sanjoanak bezala da ezagunagoa udako solstizioa, elizaren arrastoa ezin atzean utzita. Euskal tradizio zaharren arabera, San Joan jaietan eguzkiak goia jotzen du, eta ekaina hilabeteak ere hori iragartzen du: eki + gaina; Ekik zeruko gaina ukitzen duen momentua.

SAN JOAN SUA

Udako solstizioaren elementurik ezagunena egun, sua da, San Joan sua. Suak, hala ere, neguko solstizioarekin ere badu zerikusia. Izan ere, oinarrizko lau elementuak —ura, sua, lurra eta haizea oso presente daude euskaldunon sinbologian. Suarekin biziaren, Ekiaren, momenturik gorienak adierazten omen dira, baina elementu hori goraipatzeak atzean utzi ditu beste batzuk. Tradizioak dio San Joan suak ezaugarri sendagarriak dituela, horregatik egiten da salto suaren gainetik. Herriz herri mantendu da suaren gainetik jauzi egiteko ohitura, kontu txarrak atzean uzteko asmoz. Suak sortzen duen keak, Ekiarekin batera, azaleko hainbat gaitz sendatzea ahalbidetzen duela esan ohi da, baina hori ez da sinesmen bakarra. San Joan eguneko goizean ihintzak bustitako belardi edo soroetan oinutsik ibiltzea ere ezaugarri sendagarriak dituela uste izan da. San Joan suaren, hau da, San Joan bezperaren, eta San Joan Egunaren, inguruan gainera, bestelako erritual batzuk ere zabaldu izan dira. Anoetan, adibidez, ekainaren 23an, oilasko jokoa egiten zuten arratsaldean, herriko plazan eta gero, aurreskua dantzatzen zuten. Elduainen oso goiz irteten ziren San Joan goizean lizar edo gorosti bila, horiek etxe atarian jartzeko eta etxea babesteko. Gaur egun ordea, suaren gainetik salto egitearena da geratu den tradizio ia bakarra.


SAN JOAN SUAK

Abaltzisketa

13:00. Txakolin dastatzea.
18:00. Maider Zabalegi.
21:30. San Joan sua.
Ondoren. XXXI. San Joan Dantza eta Soka dantza.
Jarraian. Erromeria Ansorregi- Larrañaga eta Ostolaza- Narbaizarekin.

Aduna

20:00. San Joan dantza egingo dute eta gero sua piztuko dute.

Alegia

20:00. San Joan sua, plazan. Txintxarri abesbatzak eta Sutarri dantza taldeak saioa eskainiko dute.

Alkiza

17:00. Alkizako Txirrindulari Igoera. bost kilometroko igoera. 16 urtetik beherako federatu gabeentzat.
18:00. Alkizako kilometro bateko igoera. Hamar urtetik beherakoentzat, Bentzala baserri parean hasita.
Iluntzean. Plazan afaria eta ostean sua piztuko dute

Altzo

20:00. Sua, dantzariak, festa, algara eta zahagi ardoa izango da.

Amasa

22:00. Sua piztuko dute plazan.

Anoeta

10:00. Herri krosa haurrentzat plazan, Anoetako Herri Ikastolak eta Anoetako Kirol taldeak antolaturik.
18:00. Buruhandi eta erraldoien kalejira herriko txistulari taldearekin.
20:30. Herri afaria plazan. Euria egiten badu, bertan behera geldituko da. Kuadrilla bakoitzak bere platerak, mahai tresnak, edalontziak eta eskuzapiak eraman beharko ditu. Zero Zabor filosofiari jarraituz, paperezko edo plastikozko materialak saihesteko eskatu dute.
22:15. Herriko txalapartariek San Joan bezperako suaren jaia iragarriko dute. Ondoren, suaren inguruan San Joan zortziko kantuak, dantza eta erromeria aho-soinuarekin.

Asteasu

18:30. Dantza emanaldia frontoian, Asteasu, Larraul eta Adunako dantza eskolekin eta Oinkari dantza taldearekin.
21:00. San Joan sua piztuko dute eta tradizio dantza egin.

Baliarrain

20:00. Atarisoro pilotalekuko portxean afaria, norberak eramanda. Edaria jai batzordeak jarriko du. Jarraian, sua piztuko dute.

Belauntza

10:00-12:00. Haurrentzako jolasak eta tailerrak plazan.
12:00-14:00. Puzgarriak frontoian (2-12 urte bitartekoentzat).
16:00-19:00. Arku tiroa plazan.
16:00-18:00. Puzgarriak frontoian (2-12 urte bitartekoentzat).
21:00. San Joan sua eta ondoren, suziriak.
21:30. Herri afaria frontoian eta ondoren, musika.

Berastegi

16:00. Pilota partidak.
17:30. Dantza emanaldia eta trikiti emanaldia.
21:00. Afaria eta ondoren, San Joan dantzak, San Joan sua eta txorimaloen erretzea.

Berrobi

20:00. Eskolako estalpean, norberak etxetik eramandako afaria jateko eserleku eta mahaiak jarriko dituzte. Sagardoa eta ardoa doan banatuko dituzte.
23:15. San Joan sua piztuko dute, eta herriko guraso talde batek eta gaztetxoek dantza egingo dute.

Bidania-Goiatz

20:30. Afaltzeko parkean elkartuko dira, jatekoa norberak eraman beharko du eta edariak udalak eta Ernio Guraso Elkarteak jarriko dituzte. (Eguraldi txarra egiten badu, frontoian).
Ondoren, sua piztuko dute.

Elduain

20:30. Plazan elkartu eta elkarrekin bazkalduko dute. Afaria norberak eraman beharko du eta postrea antolatzaileek jarriko dute. Edaria, kafea eta kopak Biltokitik erosiko dira eta denon artean ordainduko dituzte. Bukatzerakoan piztuko dute sua.

Gaztelu

21:00. Sardinak erreko dituzte plazan. Parte hartzeko izena aurre ematea komeni da, bihar da azken eguna eta udaletxean egin behar da. Sardina jatea eta gero, sua piztuko dute eta herriko haur zein helduek suaren inguruan dantzatuko dute.

Hernialde

21:00. Zahagi ardoa. Udalak edaria eta kafea jarriko ditu. Ondoren, sua eta herriko dantzarien emanaldia.

Ibarra

20:30. Herri afaria.
21:45. Sua piztea Txiribiturekin.
22:00. Dantza Alurr taldearekin.
23:00. Erromeria Alegiako txarangarekin.

Ikaztegieta

21:00. Afaria. Edaria udalak jarriko du eta jatekoa norberak berea eraman beharko du.
22:30. Sua piztuko dute.

Irura

22:00. San Joan dantza egingo dute eta gero piztuko dute sua, plazan. Sua piztuta Eguzki Goxo abesbatzak eta Lats dantza dantza taldeak alaituko dute gaua.
Ondoren, pastak eta ardo gozoa banatuko ditu udalak eta bi suak, handia eta txikia, itzali arte gainetik nahi adina salto egiteko aukera egongo da.

Larraul

17:00. Panpina egin eta su metaren prestaketarekin hasiko dira.
21:00. Barrikote herri afaria. Jatekoa norberaren esku.
22:00. Sua piztuko dute.

Lizartza

20:00. Herri afaria, jatekoa norberak eraman beharko du.
22:00. San Joan suaren piztea.
22:05. Otsolar dantza taldearen emanaldia.
22:15. Erromeria Gozo-Gozo taldearen eskutik.

Orendain

21:00. Zahagi ardoa. Udalak edaria jarriko du eta bakoitzak eraman beharko du bere jatekoa. Ondoren,sua piztuko dute, plazan.

Orexa

21:00. San Joan sua piztuko dute.
00:00. D' Caprichos, Kubako bikotearen emanaldia Ostatuko Ostiral Kulturalen barruan, eta ondoren, DJ Bull.

Tolosa

09:00. Alondegia plazan, eta 15:00etan San Frantzisko pasealekuan, saskibaloia kalean (3x3): XIX San Joan saria.
10:00. Beotibar pilotalekuan, Tolosako Beotibar Zesta Punta Eskolak antolatuta, XXVII. San Joan Zesta-Punta Txapelketaren finalak.
10:30. Plaza Berrian, Zumba saioa.
11:00. Haur ikuskizuna Euskal Pizkundea parkean; Potxin eta Patxin.
12:00. Batukada feminista ahAlgara Morea kalez kale ibiliko da herria doinuz alaitzen.
12:00. Tenis Txapelketako finalak Berazubin.
16:00. Oriako Txirrindulari Eskolak antolatuta, XLIII. Jose M. Anza Memoriala 1. eta 2. mailako afizionatuentzako txirrindulari-lasterketaren irteera.
16:30. Beotibar pilotalekuan, esku pilota jaialdia (profesionalak).
17:00. Txistularien kalejira, antzinako erronda-bidetik barrena.
18:00. San Joan saria eskubaloi txapelketako finalak, Usabalen.
19:00. Plaza Zaharrean, haurrentzat San Joan su txikia piztuko da. Tolosako Musika Eskolako ikasleen bandak jardungo du.
19:30. Bertso jaialdia Zerkausian: Aitor Mendiluze, Jexux Mari Irazu, Oihana Iguaran, Haritz Mujika. Gai-Jartzaile: Imanol Artola Felix.
19:45. Udalbatza Plaza Zaharretik abiatuko da Arrameleko San Joan kaperako bezperetan eta arratseko otoitzetan parte hartzeko.
22:00. San Joan sua piztuko da Andre Maria Plazan, Udalbatza bertan dela. Ondoren, Udaberri dantza taldeak eta Tolosako Musika Bandak jardungo dute. San Joan zortzikoa jo ondoren, Musika Banda kalez kale ibiliko da. Ondoren Tolosako Santa Maria Musika Kaperak kantatuko du.
23:30. Kontzertua Plaza Berrian: Vendetta eta DJ Ziribulio Sound.
23:30. Dantzaldia Los Tres de la Noche taldearekin, Lopez Mendizabal pasealekuan.

Villabona

22:00. Erreboteko plazan sua piztuko dute, eta Oinkari eta Oinargi dantza taldeek, Eresargi abesbatzak, trikitilariek eta txistulariek hartuko dute parte.

Zizurkil

20:00. Plazan herritarrak bilduko dira, Elbarrenako su ezberdinak bisitatuko dituzte kalejiran.

22:30. Sua piztuko dute, San Joan dantza dantzatu eta zizka-mizka batekin bukatuko dute festa.

22:00. Sua eta txokolate jatea, San Millan eskolako guraso elkartearen antolakuntzapean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!