T3T eta T2T mendi lasterketak 2018

T3T eta T2T 2018: Helmugan, alaitasun aurpegiak

Indarrez hustuta, baina pozik eta asebeteta amaitu dute korrikalariek gaurko lasterketa. Aurpegi alaiak izan dira nagusi Trianguloan.

Erroizpe pasa ostean, Leaburu, Ibarra eta Tolosan jende ugari bildu da korrikalariei animoak emateko. Zumardian, Nafar zubian, Solana Kalean, Gaztelako arkuan... azken metroak txalo artean egin dituzte.

Eta askok, konpainiarekin, asko izan baitira beren guraso, lagun edo senideak eskutik heldu eta azken metroak emozio biziz korritu dituzten haurrak.

Ibilbidean asko sufritu arren, emozioa zen nagusi helmugan. Aurpegi alaiak ziren nonahi. Norberak bere buruari markatutako helburuak betetzean sentitu ohi den asetasuna sentitu dute Triangulora heltzean. Eta ez da gutxiagorako: T3T edo T2T egitea ez da nolanahikoa. Benetako meritua du.

Oier Ariznabarreta irabazlea, esaterako, lurrean etzan da helmugako marra zeharkatzean, ia ezinean. Arnasa behar zuen. Bolak igo zaizkion korrikalaririk ere izan da. Maite Maiora, lehen emakumea indartsu helmugaratu da, eta azken metroak berriro egin ditu zaleek bostekoa emanez. Besarkada artean hartu dituzte parte hartzaile asko.

Trianguloko zurrunbilotik at, korrikalari ugari gerturatu dira Tolosaldeko Arraun Klubaren instalazioetara, hankak garbitu, dutxa bat hartu... edota hankak Oria ibaian freskatzen jartzeko! Gero, bazkaltzeko aukera izan dute Zerkausian.

Auzia ez da izan ala ez izan. Kontua ekitea da. Atarikide egitea, euskararen aldeko hautua egitea, zure herrian gauzak antolatzea, horren berri ematea, etxetik plazara salto egitea. TOLOSALDEKO ATARIA egiten duzun hori da. Egiten duzun neurrian gara.

Egin Atarikide!