Altsasukoak aske utz ditzaten eskatu dute ehunka lagunek Anoetan

Ataria 2018ko ekainaren 14a

Tolosaldeko Ernaik deitu duen manifestazioa Altsasuko momotxorroek zabaldu dute eta Utzi bakean euskal gazteria zioen pankartaren atzera 300 herritar inguru batu dira.

Altsasuko auzian epaitutako Ohian Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Adur Ramirez de Alda, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijori "besarkada indartsu eta maitakorra" bidali nahi izan diete Anoetan bildutakoek eta azpimarratu dute haserre daudela: "Nazkatuta gaude, egoerak barrena erretzen digu".

Espainiako Auzitegi Nazionalak ekaina hasieran 79 urteko espetxe zigorra ezarri zien zortzi gazteei eta nahiz eta erabakia ez den behin betikoa, horietako zazpi espetxera bidali dituzte. "Sententzia honekin euskal gazteria izan da epaitua, kriminalizatua eta zigortua", esan dute eskualdeko Ernaiko ordezkariek manifestazioaren bukaeran.

Epaiketa hau, euskal gazteriaren aurkako aurrekari larria izan dela uste du gazte antolakundeak: "Bakea? Justizia? Akaso posible da halakorik lortzea Espainiar estatuan? Nola? La Manadaren justiziari eskatuko diogu? Marlaska torturatzailearen gobernuari? 155a aplikatu dutenei? Mozal legeari? Aurrekontu miserableei?". Altsasuko auzia, "errepresio estrategian urrats kualitatibotzat" jo dute.

Herri erantzuna ematea proposatu eta Euskal Herriaren etorkizun politikoa burujabetzatik pasatzen dela uste dute gazteek. "Egiazko bake, justizia eta askatasuna borrokatzetik. Soilik independentziak irekiko digu egitasmo emantzipatzaile bat bururaino eramateko aukera".

Datozen asteetan irmotasun berarekin borrokan jarraitzeko deia luzatu dute gaurko mobilizazioaren amaieran eta larunbatean Iruñean izango den manifestaziorako deia luzatu dute. "Ez dezagun utzi errepresioa eta faxismoa normalizatzen".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!