Jose Ramon Lago galiziarra sarritan etortzen da Gipuzkoara bisitan, Lasarte-Oriako Berritzeguneari esker hartu-eman zuzena baitu ikaskuntza kooperatiboa lantzen duten zentroekin. Gai hori landu du Tolosara egindako azken bisitan ere. Etorkizuna elkarlanean oinarritu behar dela azpimarratu du.
Oinarrira joanda, zer da ikaskuntza kooperatiboa?
Talde lanean eta ikaskideen arteko elkar-laguntzan oinarritzen den hezkuntza metodo bat da. Irakasleak planteatutakotik abiatuta, haurrek elkarri laguntzen diote, ikasketa prozesuan aurrera egin dezaten. Modu horretara, zailtasunak dituzten ikasleek errazago ikasteko aukera dute. Eta gainerakoei laguntzeko prest agertzen diren ikasleek ere sakontasun gehiagorekin ikasten dituzte ikasgaiak.
Zer dela-eta sortu zenuten metodo hau? Zein zen ordura arte zegoen hutsunea?
Oinarrizko gaitasunetan eta curriculumeko ikasgaietan aurrera egiteko zailtasun handiak zituzten kolektiboak zeuden ikastetxe batzuetan, lehen eta bigarren hezkuntzan, bereziki. Zentro askotan talde paraleloak sortu izan dituzte arazo horri irtenbidea emateko, baina ikasleek ez zuten aurrera egiten. Hori zen ikastetxeen ondorio nagusia. Kasu batzuetan, gainera, marjinazioa gertatzen zen, eta horrek elkarbizitzarekin eta portaerarekin zerikusia duten arazoak sortzen zituen. Beraz, inklusio arazo baten aurrean geunden ikasketei aurre egiteko zailtasunak zituzten ikasleekin.
Ia kasu gehienetan ikastetxetik kanpo bilatzen ziren soluzioak, irakasleek ez baitzuten beren eskura erantzun egoki bat emateko nahikoa baliabiderik. Eta horra beste gakoetako bat: ikastetxe askotan zalantzan jartzen hasi ziren ea irakasleena ote zen ikaskuntza prozesuan zehar ikasle guztiek jaso beharreko laguntzaren pisu osoa. Eta horri erantzuna eman nahian, ikasteko eta irakasteko metodo berri bat sortzen hasten da: ikaskuntza kooperatiboa. Orain arte inklusioaren arrazoia aipatu dugu, baina hain justu, hori planteatzen hasten den une berean ere aldaketa bat ematen ari zen hezkuntza sisteman.
Zein aldaketa?
Beste modu batera irakatsi eta ikasi behar zela ari zen planteatzen. Hau da, irakasleek gelan esandakoa mekanikoki errepikatzean oinarritzen zen ikaskuntza alboratu egin behar zela. Eta horren ordez, eskolan ikasitako konpetentziak beren inguruko testuinguru sozialean erabiltzen ikasteari eman behar zitzaiola garrantzia. Izan ere, hizkuntzak edota matematika erabili behar ditugun unean, ez ditugu guk eta guretzako bakarrik erabiltzen. Esaterako, autobus txartel bat erostera noanean matematika eta hizkuntza erabiltzen ditut txarteldegiko pertsonarekin, kanbioa itzultzeko eta abar. Hor funtzio bat betetzen dute matematika eta hizkuntzak. Parean duzun pertsonak zuk adina daki, edo ez. Eta horrek esan nahi du garrantzitsua dela konpetentziak edo ezagutzak garatzea gainerakoekin interakzioan oinarrituz.
Bide horretan, ikaskuntza kooperatiboak beste egitura bat proposatzen du ikasgelan, konpetentzietan oinarritutako ezagutza hori errazteko. Parte hartzeko eta ikasteko zailtasun gehien dituzten ikasleekin elkarbizitza eta kohesioa lantzen ditu. Izan ere, talde lanean oinarritzeak dakarrena da baztertua dagoen ikasle hori besteek ere kontutan hartzea eta hura laguntzea. Eta horrek norberari ere eskatzen dio gainerakoak ez alboratzea.
Zeintzuk dira ikaskuntza kooperatiboaren ardatz nagusiak eta zer nabarmenduko zenuke horietako bakoitzetik?
Lehen oinarria, eta garrantzitsuena agian, kohesioarena da. Hori lortu gabe zaila da aurrera egitea. Haurrengan lortu behar da nolabaiteko jarrera positibo bat guztiek guztiekin lan egin dezaten. Guztiek ulertu behar dute badutela talde osoari ekarpena egiteko gaitasuna; eta era berean, taldeko guztiek dutela gaitasuna niri ere ekarpena egiteko, nik neuk ere ikas dezadan. Ikaskuntza kooperatiboko taldeak sortzeko lehen urrats hau funtsezkoa da.
Taldean kohesio hori lortu ondoren, bigarren oinarrira egingo dugu salto. Eta hemen esaten dena zera da, talde lana egin behar dela, baina ez hiruhileko amaierako proiektu bat edo ikuskizun berezi bat garatzeko. Orduan ere bai, noski. Bilatzen dena da taldean erantzun bat ematen jakitea egunerokoan ikasgelan ikasten diren eduki horiekin lotutako arazoei. Hau da, eguneroko horretan erabilgarritasun bat ematea talde lanari.
Hau guztia praktikara eramaten hasten diren unean sortzen da hirugarren oinarriaren beharra, ikasleak taldeka lanean jartzeak ez baitu esan nahi egoki ari direnik. Arazo soziokognitiboak sor daitezke. Hau da, haur batzuei kosta egiten zaie gainerakoen txandak errespetatzea, edo beren iritzia entzuna izan dadin lortzea. Horrek eragina du parte hartzean, edo arazo bati irtenbidea ematerako orduan. Beraz, irakatsi behar zaie adostasunera iristen, lehentasunak markatzen eta taldekide guztien iritziak kudeatzen. Hori egitura zehatz baten arabera egin behar da, guztien parte hartze txandak eta iritziak errespetatuz. Horretarako taldekide bakoitzak eginkizun bat izango du, eta ardura hori izaten ikasi beharko du, baina taldean erantzunkidetasun bat duela ahaztu gabe.
Zergatik uste duzu dela garrantzitsua haurrak kooperazioan oinarrituz heztea?
Afrikako atsotitz batekin erantzungo dizut lehenengo. Honela dio: ‘Azkar joan nahi baduzu, zoaz bakarrik; baina urrutira iritsi nahi baduzu, zoaz konpainiarekin’. Eta hori horrela da. Gizarteak aurrera egin nahi badu, ez da izango urrutira iristen diren norbanako gutxi batzuekin, guztiok batera eginda baizik. Azkar doazen norbanakoek ez dute beren kabuz lortzen komunitate osoak aurrera egitea.
Duela gutxi, Johnson anaiek, ikaskuntza kooperatiboaz hizketan hasi zirenek, esaten zuten beharrak eta arazoak dauden unean soluzio bat emateko aukera ugari daudela, baina soluzio horiek era bateratuan erabili behar direla. Hau da, kontua ez da norberak arazo hori gainditzea, baizik eta kontziente izan behar dugu guztiok gainditu behar ditugula arazo horiek. Gizartearen sektore bat atzean geratzen bada, munduak ez du aurrera egingo. Gizarte baterantz goaz non pertsona gutxi batzuk ezin diren guztion ordezkari izan. Guztiok gai izan behar dugu, bakoitza bere neurrian eta modu ezberdinean, gure komunitateko kideak ordezkatzeko edozein unetan. Baina lehenengo kontziente izan behar dugu horretaz: gure komunitateari ez badiogu ekarpenik egiten, aurrera egin dezan, guk ere ez dugu aurrera egingo.
Haurrak askotan ez dira zoriontsu sentitzen ikasketa prozesuan, heziketa hori indibiduala baita batzuetan, nahi gabe eta kontziente izan gabe ere. Horrek ez ditu haurrak asebetetzen. Asetzen dira ikusten dutenean bere inguruko jendeari zerbait ematen diotela, eta inguruko jendearengandik ere zerbait jasotzen dutela sentitzean. Teoria hori enpresa mundura zabalduko bagenu ere ikusiko dugu nola arazoak dagoeneko ez diren bakarka konpontzen.
Orain ikerketa bat egiten ari zara. Zertan datza?
Ikastetxeek ikaskuntza kooperatiboa nola aplikatzen duten ari gara ikusten, identifikatu ahal izateko arazoak eta horien konponbide ezberdinak, gero beste zentroei azaltzeko. Bulegoan sartuta ez dugu ezer egingo, ikasgelan bertan gertatzen dena ikusten ez badugu.
Urteak daramatzagu Berritzeguneen bidez ikaskuntza kooperatiboa zentroetan txertatzen. Puntu batetik aurrera sistematizatu egin zen guztia, eta hiru fasetan berezitu. Sarrera fasea, eta fase orokorraren ostean, egonkortze fasea da azkena. Azken puntu horretara iristeak esan nahi du ikastetxe batean ikaskuntza kooperatiboa egunerokotasunean txertatu dutela irakasle askok, gela askotan. 10 urteren ondoren konturatu ginen ikastetxe batzuk ez zirela azken fase horretara iristen, eta zergatiak bilatu nahian hasi ginen ikerketa honekin.
Horretarako, ikastetxeetara galdetegi bat bidaltzen dugu, eta datu esanguratsuenak dituzten ikastetxeak aukeratzen ditugu, bisitak egiteko. Lehenengo bideo-konferentziak egiten ditugu ikastetxe horietako irakasleekin; behin zentroan gaudela, bospasei ikasleko taldeekin biltzen gara, baita guraso batzuekin ere, prozesu horren balorazio bat egin dezaten. Irakasleek euren artean nola lan egiten duten ere aztertzen dugu.
Nolakoa da ikaskuntza kooperatiboaren egoera Gipuzkoan?
Ikerketa bost lurraldetan ari gara egiten. EAE, ordea, bitan banatu behar izan dugu, Gipuzkoa eta Bizkaia, zentro asko daudelako. Gipuzkoan erreferentziazko zentroak daude: Hondarribian, Errenterian, Tolosan… Aspalditik ari dira ikaskuntza kooperatiboarekin lanean, emaitzak izaten ari dira, eta gainerakoei azalpenak emateko moduan dira, esperientzia horretatik abiatuta.
Bada beste elementu garrantzitsu bat Gipuzkoan asko erabiltzen dena, nik asko menperatzen ez dudana, baina gero eta gehiago jabetzen naizena: normalizazio linguistikoa sustatzeko prozesuetan ari dira txertatzen ikaskuntza kooperatiboa. Euskara dakiten haurrak ez dakitenekin nahasten dituzte taldean, etorkinekin esaterako. Horrek inklusioan ere asko laguntzen du.