Kimu Berri sariketako bigarren saria eskuratu dute eskualdeko bi ikaslek

Mikel Iraola 2018ko eka. 14a, 17:15

Mondragon Unibertsitateak Gradu Bukaerako Lan onenak saritzeko antolatzen duen sariketako bigarren saria eskuratu dute Josu Artutxa tolosarrak eta Iñigo Otaegi billabonatarrak –TOLOSALDEKO ATARIAren kolaboratzaileak biak–.

Kimu Berri sariketak Gradu Amaierako euskarazko lan onenen aurkezpenak saritzen ditu, besteak beste, originaltasuna kontutan hartuz. Ikasturte honetan 15 Gradu Bukaerako Lan (GBL) egin dituzte Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko 4. mailako ikasleek, eta zinez originala izan zen Josu Artutxak, Iñigo Otaegik eta Patxi Irigoienek osatutako taldea.

Euskal Irratiekin elkarlanean dokumental bat sortu dute, azken urteotan rockarekiko deskonexio bat izan ote den aztertzeko helburuarekin. Zalantza horri erantzun bat topatu nahian, hainbat belaunalditako artista ezagunen testigantzak bildu dituzte. Besteak beste, Niko Etxart, Mixel Ducau, Itziar Alduntzin, Roberto Moso, Lide Hernando, Aitzol Barandiaran edo Jon Eskisabel elkarrizketatu dituzte. Planteatutako galdera horrez gain, euskal rockaren definizio bat topatzen saiatu dira, baita testuinguru soziopolitikoa ardatzean jarrita musika estilo horren bilakaera nolakoa izan den aztertzen ere.

Dokumentalari azken ukituak ematen ari dira, eta estreinaldi ofiziala ekainaren 30ean egingo dute, Baionan, EHZ jaialdiaren barruan egingo den Esker 1000 ekitaldian. Bertan, aitortza egingo diote Niko Etxart musikariari egindako ibilbideagatik.

Hori dela eta, Artutxak eta Otaegik Etxartez mozorrotzea erabaki zuten Gradu Bukaerako Lanaren aurkezpen ekitaldian. Dokumentala aurkezteaz gain, proiektuarekin lotura estua duen Euskal Rock 'n' Rolling abestia kantatu eta dantzatu zuten, bideoak ikus daitekeen moduan:

Bigarren saria eskuratu zuen hirukoteak, eta diplomaz gain, 350 euroko ordainsaria jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!