T3T eta T2T mendi lasterketak 2018

«Animatzen jende asko zegoela gogoratzen dut; eskertzekoa da»

Asier Imaz 2018ko ekainaren 14a

Amaia Amantegi, hirugarren postuan

Iaz hirugarren amaitu ondoren, Amaia Amantegi (Algorta, 1986) berriz Tolosan izango da.

Iaz hirugarren amaitu zenuen. Aurten zein da zure asmoa?

Iazko denbora hobetzea. Gero ez dakit zer gertatuko den egunean, baina iazko marka hobetuko banu, ni horrekin pozik.

Postuari baino denborari begiratzen diozu, beraz.

Bai. Ahal bada biak hobetzea gustatuko litzaidake, baina hori ikusiko da.

Nola iristen zara igandeko lasterketara?

Denboraldia ez nuen oso ondo hasi, anemiarekin. Azken probetan hobekuntza nabaritu dut, eta ondo iristen naizela esango nuke.

Iaz ezagutu zenuen Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi maratoia. Nolako oroitzapenak dauzkazu?

Oso politak. Antolakuntza aldetik ere oso ondo zegoen, asko gustatu zitzaidan dena. Jendea ere asko zegoen animatzen. Izugarrizko beroa egiten zuen, baina hala eta guztiz ere jendetza zegoen. Horrek asko animatzen zaitu eta benetan eskertzen duzu.

Ibilbideari dagokionez, zer esango zenuke?

Hiru tontor dira eta horren inguruan lasterketa antolatzea planteamendu erraza da. Teknikoki ez da oso zaila. Hernioko zatiren bat, agian. Korrika joateko moduko lasterketa da. Hori da gogoratzen dudana. Igandean, agian, ezustekoren bat hartuko dut. Eguraldiak ere zeresana izango du. Aurrekoan bezainbesteko beroa ez egitea espero dut.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!