Antolatzaileek galdera hau zabaldu dute sare sozialetan: «Oier Ariznabarreta, Andreu Simon, Carlos Garcia... Ismail Razga gainditzeko gai izango al dira?» Zer erantzungo diezu antolatzaileei?
Niretzat hori da erronka. Ondo nago. Entrenamenduetan nahiko azkar nabil pistan. Mendian duela bi aste egin nuen proba eta oso ondo sentitu nintzen. Lasterketa egunean ikusi beharko da. Hor dena aldatzen da. Eguraldia ere ikusi beharko da, bero handia bada niretzat kalte, baina aukeraren bat badudala pentsatu nahi dut.
T3T ezagutzen al duzu?
Ez. Horregatik ere joango naiz, inguruko mendiak ezagutzeko aukera polita izan daiteke. Jende ugarik hitz egin dit lasterketaz eta polita dela esaten dute.
Asfaltoa, pista, mendia... denei ematen diezu.
Neguan hasten naiz krosekin. Asfaltoan eta pistan entrenatzen dut beti, mendian gutxi, astean behin edo birritan. Mendiak hankak sendotzen ditu eta arintasun hori galtzen da.
Igandera nola iritsiko zara?
34 kilometroko lasterketa bat egitetik nator, froga bezala. Ondo nagoela uste dut. Azken urteetako nire lehen maratoia izango da. Duela lau edo bost urte Zegama-Aizkorri egin nuen; beti bezala txarto. Azken kilometroak soberan geratzen zaizkit. Nire erronka T3T indarrez ondo amaitzea da.
Mendi maratoiekin arantzaren bat duzula ematen du.
Horrela da. Ez dakit zer pasatzen zaidan maratoietan. Entrenamendu falta dela uste dut. 3 orduko entrenamendu luze horiek egitea kosta egiten zait. T3T lau ordukoa da; erronka bat izango da niretzat.
Lasterketaz hitz egiten jendea entzuna duzula esan duzu. Beste jarraipenik egin al diozu?
Badakit Ismail Razga irabazle paperean dabilela. Sare sozialetan bideoak ere ikusi ditut. Lasterketa polita dela uste dut. Hernio ezagutzen nuen, baina beste biak ez.
Faboritoak?
Ismail Razga, eta bera gainditzeko aukera gehien Andreu Simon kataluniarrak dituela esango nuke.
Mendiaz gozatzea ere aipatu duzu. Denborarik izaten al da horretarako?
Ez da lasterketa azkarra izango. Maratoia da eta indarrak jaso behar izaten dira. Inguruaz gozatzeko momentua izatea espero dut. Ingurune berria da niretzat, beraz, lasterketa berezia izango da.