Giza katea 2018

«Gu bezala, beste 100.000 zapiari helduta»

Tolosaldeko Ataria 2018ko ekainaren 10a

Tolosaldeko herritarrek 9 kilometro osatu dituzte, eskuz esku eta zapiz zapi, Mendaro inguruan; eguraldiak, duela lau urteko soineko berbera jantzi du.

Igande askotan ez bezala, eskualdeko herritarrek goiz hasi dute eguna, giza katean parte hartzeko .08:00en bueltan jarriak ziren autobusetarako hitzorduak, eta egun historikoarekin gehiegi pentsatu gabe, logurari aurre eginez igo dira, asko, autobusetara. Guztira, kate erraldoiko 9 kilometro osatu ditu Tolosaldeak, eta zapi zuriez gain, festarako giroa eta gogoa izan dira nagusi.

Katearekin eta zapiekin ezertan hasi baino lehen, hamaiketakoak bete ditu eguerdiaren atariko minutuak, eta zenbaitek pilotan eta saskibaloian aritzeko ere baliatu dute momentua. Ordea, behin arduradunen esanak entzun eta norbere lekuan jarri eta gero, zapiz zapi eta olatuz olatu animatu dituzte pasatzen ziren autoak, txirrindulariak eta, noski, beren burua.

"Gu orain hemen gauden bezalaxe, beste 100.000 pertsona daude, oraintxe bertan, Euskal Herriko ez dakit zenbat txokotan", esan du norbaitek. Eta hori da, hain zuzen, giza-katearen magia: norbera beretik, baina aldamenekoarekin, eta momentu berean.

Azken asteotan zifra, zenbaki eta parte hartzeak hizpide izan badira ere, 175.000 pertsona baino gehiagoren parte hartzea ederki islatu dute Tolosaldeko herritarrek, bere 9 kilometroetan, eta halaxe agurtu dute Mendaro ingurua ere, helikopteroko kamerari agur eginez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!