100.000 behar ziren, eta 175.000 baino gehiago izan dira, azkenean. Gure Esku Dagok gaurko prestaturiko mobilizazioak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak lotu ditu, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea egikaritzea eskatuz, eta Gasteizko legebiltzar atarian egindako adierazpenean, argi azaldu dute hurrengo geltokia zein izango den: erabakia egikaritzea.
"Ziklo berri baten hasiera" izan da, GEDren ustez, gaurko giza-katea: "Bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren zikloa". Izan ere, antolatzaileek ez dute erabakitzeko eskubidearen defentsa bakarrik egin nahi izan: demokraziaren, oinarrizko eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen defentsatzat ere jo dute, giza-kate erraldoia.
2014an izan zen lehena, eta gero iritsi ziren, erabakia ehuntzeko oihalak eta tokian tokiko galdeketak. Orain, giza katea errepikatuz, 2019ari begira jarri nahi dituzte, euskal gizartea eta ordezkari politikoak: "Gaitasun kolektiboa erakutsi dugu, beste behin, eta estatuz politikoaren eztabaida abiarazita dago, jada, hainbat esparrutan. Horregatik, aurreiritzirik gabe eta elkarbizitzan sakonduz, ahalegina areagotzeko unea da honakoa. Denon artean, lurralde desberdinak kontuan hartuz, Herri Ituna osatu behar dugu".
Horrenbestez, "gaur jauzi handi bat" eman dutela nabarmenduz, herri burujabe baten aldeko mezuekin biribildu dute adierazpena: "Herri hau ez dago prest atzera egiteko, bidean gara; gure esku dago!"