Giza katea 2018

'Ataria' ere zapi zuriekin lotuz

Ataria 2018ko eka. 8a, 09:01

Igandeko giza katean, eskualdeari dagozkion bederatzi kilometroen artean izango da 'Tolosaldeko Ataria'.

Gure Esku Dagok aspaldian markatu zuen ekainaren 10a, giza katea egiteko. Donostian hasiko da eskuz esku, zapi zuriarekin herritarrak lotzen eta Bilborako bidea hartuko dute, Gasteizen amaitzeko, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarraren atarian. Hilabete luzeetan, herriz herri egindako lanketetan osatu dute Herritarron Ituna, eta bertan jasotako 2.019 arrazoiak aurkeztuko dituzte.

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean, 100.000 pertsona elkartzeko erronka du jarria Gure Esku Dagok, eta tartean izango dira Tolosaldeko milaka herritar ere: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, 2019. urtea dugulako jomugan». Bide honetan, TOLOSALDEKO ATARIA-k ere egunak ematen duena jasoko du. Autobusa hartu, eta eskualdeko herritarrekin batera egingo du bidaia Mendaro aldera. Eskualdeko herritarrek osatu beharreko kilometro horietan ibiliko da goizak ematen duena jasotzen. Giza kateari jarraipena egingo dio, irudi eta bideo bidez, eta egunean bertan ataria.eus webgunean, eta sare sozialetan emango da horren berri. Gure Esku Dago dinamikak egingo duen zuzeneko saioa ere webgunean jarraitzeko aukera izango da. 55. kilometrotik 64. kilometrora bitarteko bidea eskualdeko herritarrena izango da. Betebehar hori du Tolosaldeak, eta hor jarriko ditu kamera eta mikrofonoa, TOLOSALDEKO ATARIA-k ere. Bestetik, ATARIA irratian eta webgune bidez, Zebrabidea saio berezia entzun ahalko da zuzeneko kontakizunarekin.

Herriz herri, Mendaron

Mendaro hartuko du eskualdeak, eta 55. kilometroa, Abaltzisketa, Alegia, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendaingo herritarrek osatutakoa izango da. 56.a, Elduain, Berrobi, Berastegi eta Ibarrako herritarrek osatu beharko dute. 57. kilometroa, Albiztur, Anoeta, Bidania-Goiatz, Hernialde eta Irurako bizilagunena izango da. 58. kilometroan, berriz, Aduna, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkil elkartuko dira, eta 59.a Amasa-Villabonako herritarrek bete beharrekoa izango da. 61. kilometroan batuko dira giza katera Altzo, Belauntza, Gaztelu, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orexa. Eta bukatzeko, 62-64 kilometroak tolosarrez beteko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!