Landarlan elkartea eta Aralar Bizirik plataforma Aralarren aurreikusita dagoen pista berriaren aurka azaldu dira beste behin. Fortuna elkarteak astebururako antolatu eta Aralarretik igaro zen mendi ibilaldia baliatu zuten horren berri emateko.
Gogora ekarri dute orain gutxi aldundiko Ingurumen departamenduak Enirio-Igaratzarako iaz aurkeztutako pista proiektuaren ebaluazio sinplifikatua atzera bota ondoren, «astebetera Enirio-Aralar Mankomunitateak eta aldundiko Mendi zuzendaritzak proiektu berria eta bere ingurumen inpaktuko azterketa arrunta aurkeztu zituztela».
Helegiteak aurkezteko epea ekainaren 19a arte dela azaldu dute eta euren arrazoiak azaldu dituzte «pista proiektu berriari berriro ezetz esateko». Horien artean, pista berriak Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketarekin «lotura zuzenik» ez duela eta «ez dela beharrezkoa KBEren kudeaketarako». Doniturrietako bidearen inguruan «aukera bakarra» aurkeztu dela diote, «hiru metroko pista 4x4ak atoiarekin ibiltzeko. Eta engainagarri bat erabili dute: gaur egun Igaratzatik Doniturrietara dagoen pista hobetzea, proiektu honetan sartzea, legezkotasun itxura emateko trikimailua».
Proiektua Aralarko Natur Baliabideen Antolamenduaren Planaren arauen kontra doala diote, eta bide azpiegituren «proiektu globala» egin ordez zatikatu egin dela diote. Horrez gain, planaren 26.1 artikulua ekarri dute gogora, eta horrek «mendi babeslean pista berria eraikitzea (lurrak mugitzea) debekatzen» duela gogora ekarriz.
«INGURUMENAREN AURKAKO EKINTZA»
Bestalde, Landarlanetik eta plataformatik salatu dutenez, «orain hilabete edo, Mendi Zuzendaritzako teknikariek landatutako haginak, interes bereziko espezie mehatxatua, Eniriotik gertu, sustraietatik atera dituztela, 35 landareetatik 3 bakarrik utziz, denak ondo hesituta zeudelarik». Landaketa horiekin ados daudela, eta Europa mailako Life Baccata proiektuaren bidez egin direla diote. Era berean «irmoki gaitzesten» dute haginak sustraietatik ateratzea eta suntsitzea, eta «ingurumenaren aurkako ekintzatzat» hartzen dutela diote.
Horren aurrean, aldundiari eta mankomunitateari eskatu diete «delitu hori ikertzeko, ondorioak publiko egiteko eta errudunak aurkitzekotan legearen araberako zigorrak aplikatzea».