Asteasuk eta Zizurkilek oso zail dute aurrera egitea Herriartekoan; palan, Tolosa kanpora

Tolosaldeko Ataria 2018ko eka. 5a, 18:28
Tolosako eta Zumarragako palistak. Argazkia: Tolosa CF Palistak

Asteasuk 2-1 galdu du Azpeitiaren aurka; zizurkildarrek ere emaitza berarekin galdu zuten Ataunen aurka. Itzulerako jardunaldia etxean jokatuko dute biek, ostiralean.

Egungo txapeldunak, Azpeitiak, kadete eta jubenil mailako neurketak irabazi zizkion Asteasuri. Gaztetxoenek ez zuten tantorik egitea lortu, eta Huitzik eta Elizegik osatutako bikote jubenila zazpian geratu zen. Nagusien mailako neurketa irabazi zuten asteasuarrek: Urbieta eta Aizpuruk osatutako bikoteak 14an utzi zituen Alberdi eta Murgiondo. Itzulerakoa ostiralean jokatuko dute, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, 20:00etatik aurrera.

Zizurkilek, berriz, jubenilen mailako neurketa irabaztea lortu zuen soilik. Alberdi eta Lasa 9-22 nagusitu ziren Senar eta Baztarrikaren aurka. Kadete mailan, 22-5 galdu zuten Etxeberriak eta Perurenak; eta nagusietan, berriz, 13 egin zituzten Labakak eta Arratek. Ostiralean markagailuari buelta ematen saiatuko dira zizurkildarrak, etxean. 19:00etan hasiko da jaialdia, Intxaur pilotalekuan.

Tolosa, paleta txapelketatik kanpo

Gomazko paletan, Tolosak abantaila lortu zuen final-laurdenetako joanekoan, Zumarragaren aurka. Binakakoan soilik huts egin zuten tolosarrek. Bada, itzuleran, Zumarragako taldeak bi neurketa irabaztea lortu zuen, eta tanto kopuruagatik aurrera egingo dute. Kolpe latza jaso zuten tolosarrek.

Banakakoa irabaziz hasi zuten jardunaldia tolosarrek: Arregik 20-14 irabazi zion Rodriguezi. Bazirudien Tolosak aurrera egingo zuela, baina zumarragarrek beste bi neurketak irabazi zituzten. Binakakoan 8-20 nagusitu ziren; zazpikoan, berriz, 19-19 izatera iritsi ziren. Azken tantoak erabaki behar zuen finalerdietara pasako zen taldearen izena. Emozio bizikoa izan zen, beraz. Zumarragako taldearen aldekoa izan zen, ordea, eta Tolosak egun esan beharko dio txapelketari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!