Plastikoaren erabilera eta kutsadurari buruz hausnartzeko deia

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 5a, 09:00
Orain bi urteko Tolosaldeko Eskola Agenda 21eko Topaketaren une bat.

Ekainaren 5a Nazioarteko Ingurumenaren Eguna da, eta eskualdeko udalek bat egiten dute egun horretan egiten den aldarrikapenarekin.

Gaurko egunez, ekainaren 5a, Nazioarteko Ingurumenaren Eguna ospatzen da mundu osoan, 1972 urtetik, ingurumenaren inguruan kontzientzia eta ardura sortu eta ingurumenaren babesaren inguruan ekintzak sustatzeko. Eskualdeko udalek eta Tolosaldea Garatzenek, urtero legez, egun honetan aldarrikapenarekin bat egin dute eta Ingurumenaren Egunarekin bat egitera gonbidatzen ditu herritarrak, antolatutako ekintzen bitartez.

Aurten, Planeta bat #plastikorikgabe da aldarrikapen leloa. «Gizakien osasuna, ozeanoak eta itsasoko biodibertsitatea horrenbeste kaltetzen duen eta berrerabil ezin daitezken milioika tona plastiko gutxitzeko deia izan nahi du; gobernuei, industriari eta norbanako guztiei, guztiok baitugu ardura eta erantzukizuna plastikoen inguruan: ekoizten dutenek, kontsumitzen dugunok eta baimentzen dutenek», azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik.

Aurten, Tolosaldeko udalek Eskola Agenda 21 programaren bitartez, Aldaketa Klimatikoa landu dute. «Gure bizimodu eredu eta gure kontsumo ereduen inguruan hausnarketa egitera bultzatu ditugu Tolosaldeko ikasleak; plastikoaren erabilera sustatzera eta, ondorioz, gure biodibertsitatea kaltetzera eramaten gaituzten kontsumo eredua», azaldu dute udaletatik. Bestalde, Tolosaldeko udalek hainbat ekintza antolatu dituzte aldarrikapen egun horren inguruan, eta bertan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Horrez gain, plastikoek sortzen duten arazoen inguruko zenbait datu ere jakinarazi dituzte. Esaterako, munduan, urtero 500 mila milioi plastiko poltsa erabiltzen dira. Urtero, 8 milioi tona plastikok itsasoan amaitzen du, minutu bakoitzeko zabor kamioi baten deskarga adina. Aurreko mende osoan sortutakoa baino plastiko gehiago ekoiztu da azken hamarkadan. Erabiltzen den plastikoaren %50a erabilera bakarrekoa da. Minutuero milioi bat plastikozko botila erosten dira. Eta sortzen den hondakinen %10a plastikoa da.

EGITARAUA

Aduna

Ekainak 5, gaur. Energia Eraginkortasuna prestakuntza saioa, 18:00etan, kultur aretoan. Aurretik izena eman dutenentzat izango da saioa.

Anoeta

Ekainak 8, ostirala. Energia eta Ingurumena, gure bizimoduaren baitan solasaldi dinamikoa Goiener elkartearekin , 18:30ean, udaletxeko areto nagusian.

Ibarra

Ekainak 5, gaur. Usurbilgo Lanbide Eskolara irteera egingo dute Uzturpeko ikastolako DBH2ko ikasleak.

Ekainak 7, etzi. Txoribox habiak eraikitzeko eta kokatzeko tailerra, gainbegiraketa. Goizean egingo da, herriko zuhaitzetan, eta Uzturpe ikastolaren laguntzarekin.

Larraul

Ekainak 11, asteartea. Energia Eraginkortasuna prestakuntza saioa, 20:15ean, udaletxeko areto nagusian. Interesatuek izen-ematea ekainaren 8rako egin behar dute, kultura@larraul.eus helbidean edo 634 289 327 zenbakian.

Tolosa

Ekainak 6, bihar. Eskola Agenda 21 Tolosaldeko Foroa, 09:30etik 12:00etara, Zerkausian eta kultur etxean. Urtean zehar landutako Aldaketa Klimatikoa gaiari buruzko hausnarketa partekatua eskualdeko ikastetxeen artean, eta ingurumenaren eguneko leloarekin bat egiten, Planeta bat #Plastikorikgabe, plastikoaren arazoaz jabetzeko panel-mural bat osatuko dute.

Zizurkil

Ekainak 5, gaur. Energia Eraginkortasuna prestakuntza saioa, 20:15ean, Plazida Otaño liburutegiko erabilera anitzeko gelan. Aurretik izena eman dutenentzat.

Ekainak 20, asteazkena. Landa-komunitateen historia aztertzeko bide berriak hitzaldia, Josu Narbarte arkeologoarekin, 20:00etan, Iriarte kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!