Gimnastak, Euskadikoan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 31a, 10:30
Tolosa CF-ko gimnastak Euskadiko txapeldunorde, senior mailan. ATARIA

Pasa den igandean Tolosa CF eta Belabietako gimnastak Euskadiko Txapelketan izan ziren. Aurrez, larunbatean, alebin eta infantil mailakoek Eskolarteko Jokoetan parte hartu zuten. Guztiek lan eta emaitza politak lortu zituzten.

Arrasateko Uharkape frontoian elkartu ziren txikienak, larunbatean. Tolosa CF-ko gimnastei dagokienez, alebin mailan, Urdaneta Taldea Euskadiko txapeldun geratu zen. Bakarka, Ahetze Olanok zilarrezko domina lortu zuen esku libreekin egindako ariketarekin, eta sailkapen orokorrean laugarren izan zen.

Infantiletan ordiziarrak izan ziren garaile. Tolosarrek euren lana defendatu ondoren hirugarren postua lortu zuten. 

Belabietakoei dagokienez, Inko Oruesagastik parte hartu zuen Eskolarteko Jokoetan. Oso lan ona egin zuen tapiza gainean eta bederatzigarren postua lortu zuen. Pilotarekin seigarrena izan zen, eta uztaiarekin hamargarrena.


Igandean handienen txanda izan zen. Euskadiko Amateur Txapelketa jokatu zen Durangoko Landako Kirol Gunean, jubenil eta senior mailan.

Belabietako senior taldeak seigarren postua lortu zuen. Jubenil A taldeak, aldiz, zazpigarrena. Belabietako jubenil B taldea ere bertan izan zen, eta hauek 17. geratu ziren. Bakarkako lanean Naroa Bengoetxeak eta Lide Lertxundik jubenil B mailan parte hartu zuten; Aintzane Agirrek eta Edurne Eceizak senior B mailan eta Ane Calegainek eta Maialen Mariezkurrenak jubenil A mailan.

Ekainak 3an, Durangon ospatuko da Euskadiko Kadeteen Txapelketa, bertan Belabieta Kirol Klubeko kadete taldeak parte hartuko du.

Tolosakoek Durangon lortutako emaitzen inguruan, senior taldearen lana azpimarratu behar da. Piloten ariketarekin ikusle guztiak gozaraztea lortu zuten eskualdekoek, eta gainera, Euskadiko txapeldunorde geratu ziren. 

Jubeniletan, ordezkariak Sara Gabilondo eta Luzia Lopez bakarkako gimnastak izan ziren. Gabilondo xingolarekin hamabigarren sailkatu zen eta Lopez mazoekin hirugarren. Horrela, sailkapen orokorrean seigarren postua lortu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!