Asteasu eta Zizurkil, Herriarteko txapelketako final laurdenetan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 29a, 16:59

Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenetan Astigarraga eta Andoain utzi dituzte atzean. Tolosak, Altzok eta Bidania-Goiatzek ez dute aurrera egitea lortu.

Asteasu

Astigarragaren aurkako bi jardunaldiak 2-1 irabazita pasa dira asteasuarrak hurrengo kanporaketara. Itzulerako norgehiagokak igandean jokatu zituzten Astigarragako udal pilotalekuan, eta Usarrabin gertatu moduan, jubenil eta nagusien mailako neurketak irabazi ditu Asteasuk. Jubeniletan Huitzik eta Elizegik 22-8 garaitu zituzten Urdangarin eta Olarra. Urbietak eta Aipuzuruk, berriz, 11n utzi zituzten Loidi eta Sanchez nagusien mailan. Gaztetxoenek 22-1 galdu zuten.

Aurkari zaila egokitu zaio final laurdenetan Asteasuri: txapeldun handia, Azpeitia. Joanekoa kanpoan jokatuko dute asteburuan, eta itzulerakoa ekainaren 10eko asteburuan, Asteasun bertan.

Tolosa

Hain zuzen, azpeitiarrak Tolosa atzean uztetik datoz. Botibarren hiru neurketak irabazi zituzten joanekoan, eta itzulerako hirurak ere irabazi dituzte azpeitiarrek. Kadete mailan, Altunak eta Iztuetak 22-9 galdu zuten; jubeniletan, Goikoetxea eta Sudupe 6ean geratu ziten; eta nagusietan, Egiguren eta Belokik 14 tanto egin zituzten.

Zizurkil

Joanekoan, Andoainen, gertu izan zuen 0-3koa. Bada, etxean lortu zuen. Hiru neurketak irabazi zituzten zizurkildarrek. Etxeberria eta Perurena aritu ziren kadete mailan, eta 22-20 irabazi zuten Mendizabal eta Uriaren aurka. Jubenilen artean Alberdik eta Etxeberriak 4an utzi zituzten Artola eta Gomez. Nagusien mailan, berriz, Labaka eta Arratek 22-16 irabazi zuten.

Andoain kanporatu ostean, final laurdenetan Ataunen aurka arituko da Zizurkil. Joaneko partidak Ataunen jokatuko dituzte asteburuan, eta itzulerakoak Intxaur pilotalekuan.

Bidania-Goiatz

Bidania-Goiatzek 1-2 galdu zuen Oñatin, joanekoan bezala, hala ere, joanekoan baino emaitza hobeak lortu zituzten. Gaztetxoenek 22-17 galdu zuten. Jubenil mailan, Elolak eta Zinkunegik 13 tanto egin zituzten. Nagusien mailan irabazi zuten bidania-goiaztarrek: Elola eta Galarraga, joanekoan bezala, nagusi izan ziren: 20-22.

Altzo

Altzotarrek ezin izan zuten neurketarik irabazi. Kadete mailan Artolak eta Uzkudunek 22-13 galdu zuten; 22-11koa izan zen emaitza jubenilen mailan. Zubeldia eta Olano aritu ziren. Nagusien mailan, berriz, joanekoan altzotarrek 22-6 irabazi bazuten ere, Hernanik aurrelaria aldatu eta garaipena lortu zuen: 22-11.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!