Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko dute datorren igandean

Ataria 2018ko maiatzaren 29a

Oikian egingo dute Gipuzkoako Eskola Txikien 31. Festa eta bertan bilduko dira 26 herri eta auzo txikietako ordezkariak, baita eskualdekoak ere.

Gaur aurkeztu dute 2018ko Gipuzkoako Eskola Txikien festa eguna. Ekainaren 10ean ospatuko da, Oikian, herri eta auzo txikien testuinguruan eskola txikiek duten garrantzia nabarmentzeko asmoz.

Auzo eta herri txikietako eskolak estrategikoak direla azpimarratu dute agerraldian: "Herrietako eguneroko bizitzan eragiten dute, eskolak bizia ematen dielako. Eskola txikiak herri eta auzo txikien altxorrak dira; bertan, umeak aniztasunean hezteko aukera dute, euskaraz, giro goxoan eta naturarekin harremanetan", azaldu du Itziar Gartziarena, Oikiako Eskolako zuzendariak. Hain zuzen, hori da eskola txikien komunitatearen leloa: Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik.

Festa antolatzeko lanetan herri osoa murgildu da, batik bat, ikasle, irakasle eta gurasoak. Eskola berriaren proiektuari sostengua ematea da beste helburuetako bat: "egungo eraikina oso zaharra da eta leku falta dugu. Orain ez bezala, eraikin berrian egongo dira zerbitzu guztiak: ikasgelak, jangela, gimnasioa...".

Hain zuzen, eskola berriaren kanpoan eskultura berezi bat jartzeko asmoa dutela adierazi dute Dambo Diaby eta Urko Larrañaga ikasle oikiarrek. Horretarako, bertaratzen diren guztiei beren hatz-markak eskultura horretan jartzeko eskatuko diete.

10:30ean emango zaio hasiera festari, harrera ekitaldiarekin eta ikasleen ikuskizunarekin. Jolasak, tailerrak, puzgarriak, Zumaiako Musika Bandaren dantza-saioa, Potxin eta Patxin pailazoak, apar-festa... denetarik izango da egun osoan zehar.

Egun horretan bertan Gure Esku Dagok antolatutako giza-katea izango da, eta ondorioz trafikoari dagokion ohartarazpen bat eman dute: A8 autobidean 48. irteera hartzea gomendatu dute, Zumaia-Zestoako irteera, eta handik, Zestoako bidea hartu lehenbizi, eta gero, Iraeta-Aizarnazabal-Oikia bidea egitea. Bidegurutzeak markatuta egongo dira, eta Oikiako industriaguneetan aparkalekua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!