XIV. Emakumeen Sari Nagusia, igandean

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 25a, 09:39

Villabona eta Zizurkil artean ibiliko dira kadete, junior, 23 urte azpiko eta elite mailako txirrindulariak.

Aiztondo bailarako urteroko txirrindulari probetako bat igandean jokatuko da. Emakumeen Sari Nagusiaren XIV. edizioa izango da. Irteera Villabonan hartuko dute txirrindulariek, Iru Aldeta parean. Helmuga berriz Zizurkilen egongo da, Pasusen. Irteera hartzen lehenak kadeteak izango dira. 09:30ean hasiko da gaztetxoenen lasterketa. 30,6 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Zirkuituari bi itzuli emango dizkiete kadeteek, Zizurkil kaskotik bi aldiz pasaz. Mendiko saria bertan egongo da jokoan. Tarteko helmugen saria Pasusen bertan egongo da. Antolakuntzaren aurreikuspenen arabera, lehen lasterketa honetako parte hartzaileak 10:20 inguruan iritsiko dira helmugara.  

Kadeteen lasterketa ondoren junior, 23 urte azpiko eta elite mailako txirrindulariek hartuko dute irteera, 10:45ean. Aiztondo bailarako errepideetan eurentzat egokitutako zirkuituari zortzi itzuli eman beharko dizkiote. Guztira 80 kilometro egin beharko dituzte. Kadeteetan bezala, Mendiko Sariko puntuak Zizurkil kaskoan banatuko dira, eta Tarteko Helmugetakoak Pasusen parean.

Errepide mozketak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik oharra zabaldu dute errepideetan tentuz ibiltzeko eskatuz, probak irauten duen bitartean mozketak izango direlako Aiztondo bailaran.
Antolakuntzari dagokionez, Danena Kirol Elkartea, Urkamendi Elkartea eta Irrintzi Elkartearen artean antolatzen dute Emakumeen Aiztondo Sari Nagusia. Aiztondoko bailarako udalek ere bat egiten dute probarekin, laguntzaile moduan. Zizurkil, Amasa-Villabona, Aduna, Asteasu, Alkiza eta Larraulgo udalak, beraz, esku bat bota dute emakumeen txirrindularitza sustatzeko helburuarekin.
Azkenik, aipatu, lasterketa Euskadi Torneorako puntuagarria dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!