Osasun publikoaren afera

EH Bilduk «osasun arreta publiko integrala» proposatu du

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 25a, 08:41

Tolosaldeak «osasun proiektu berri eta moderno bat» behar duela dio koalizioak, eta osasun baliabide guztien «publifikazio osoa» beharrezkoa dela.

EH Bilduk Tolosalderako «osasun publiko baten aldeko» proposamena aurkeztu du Tolosako Topic aretoan. Beste eskualdeekin konparatuz, Tolosaldean osasun arreta «murritzagoa» dela uste du koalizioak. Hori horrela, eskualdeak «osasun proiektu berri eta moderno bat» behar duela diote, eta «osasun arreta publiko integralaren alde» egiten duela dio. Hau da, «asistentzian zentratutako osasungintza baztertuz, promozioan eta prebentzioan zentratutako osasun arretarako proposamena» lantzea beharrezkoa dela, «eta hori eskualdeko osasun sistema publiko batetik besterik ezin da egin».

Tolosaldean proiektu berri bat pilotatzea proposatu dute koaliziotik, «osasun zerbitzu guztien integrazio erreal baten bidez eskualdeko osasun maila nabarmen igoko duena». Horretarako, eskualdeko osasun baliabide guztien «publifikazio osoa» beharrezkoa dela gaineratu dute.

Proposamenaren aurkezpena egiten Kristina Pelaez Tolosako zinegotzia, Unai Iraola Alegiako alkatea, Mikel Agirrezabala Ibarrako alkatea, Karlos Ibarguren EH Bilduko osasungintzako idazkaria, eta Eva Blanco legebiltzarkidea eta Osasun batzordeko kidea izan dira. Gaur egungo egoerari begiratuz, eskualdean «Osasun Sailak abiatu dituen neurri pribatizatzaile guztiak» batzen direla diote. Eskualdeko ospitaleari, bizi-euste medikalizatua ematen duen anbulantzia, oinarrizko bizi-eustea ematen duten anbulantziak eta etxera joaten diren mediku eta erizainak gehitzen zaizkiola azaldu dute.

Horrek guztiak «eragin nabarmena» duela dio eta egoera agerikoena Asuncion Klinikak markatzen duela: «Eraikin zaharkitua, langileen gutxieneko lan baldintzak eskatuz egindako mobilizazioak, espezialisten alde egitea... Asko dira gure erreferentzia zentroaren gainbehera erakusten duten sintomak».

Errekurtsoen berrantolaketa

«Osasun arreta publiko integralaren» eredua gauzatzeko, eragile guztiekin osasun sarea sortu eta eskualdeko osasunean eragina duten faktoreen azterketa eginez abiatu behar dela diote. Asistentziaren integrazioa da ereduaren gakoetako bat koalizioaren ustez, eta haurren eta helduen atentzioak ez duela «behar duen integrazio maila» esan dute. Bestalde, arazo kronikoak dituzten gaixoak direla egun «asistentziaren erronka nagusia», eta horiei, «zerbitzu sozialekin koordinazioan, etxetik ahal den gertueneko asistentzia ematea da helburu nagusia».

Publifikazio osoa eman dadin, egungo errekurtsoen berrantolaketa «ezinbestekoa» jotzen du EH Bilduk. Asuncio?n klinikari dagokionez, «berrikuntza sakonak behar dituen eraikin zaharra» dela dio, eta horregatik «ospitale publiko berri eta moderno bat» behar dela, zerbitzua osorik langile publikoek emanez. Tolosako Belaten eta Andoaingo behe oinean dauden zerbitzuak Osakidetzak eskuratzea proposatu du.

Anbulantziei dagokionez, ez direla «emergentziazko egoerei erantzuna ematen dieten errekurtso soilak» dio koalizioak. Zentro koordinatzaileek kronikotasunarekin erlazionatutako gero eta dei gehiago jasotzen dituztela gaineratu du. «Ondorioz, Emergentziak-en helburua, bermearekin gaixo hauek bere ingurunean, familiaren babesean, behar duten asistentziarekin uztea izan behar du», eta horretarako, «gainerako errekurtso asistentzialekin erabat integratutako anbulantzia publikoak behar ditugu».

Etxerako asistentziaren inguruan ere proposamenak egin ditu EH Bilduk. Etxera doazen mediku eta erizainei «erresoluzio gaitasuna areagotuz gero eta ibilgailu egokiekin hornituz gero, gaixo kronikoak etxean bermearekin geratu ahal izango dira, eta anbulantziak lanpetuak daudenean, anbulantziak arta ezin dezakeen emergentziari erantzuna eman ahal izango diote». Bestalde, «gaixo kronikoak etxetik gertu artatu ahal izateko», etxerako laguntzaile klinikoen figura berria sortzea proposatu dute.

Lehen mailako arretari dagokionez, eskualdean dauden bi Etengabeko Atentzio Guneak, «egungo antolakuntzarekin, integrazio eredu onenetik urrun» daudela diote, eta larrialdiak artatzeaz gain, «jarraikortasuna eman ahal izateko gainerako osasun egiturekin hobeto integratu» behar dutela gaineratu dute.

Ibilbide orria

Publifikazio prozesuari begira, ibilbide orria proposatu du EH Bilduk, eta hori diagnostiko eta jarraipen lan mahaiaren osaketarekin hastea. Eusko Jaurlaritza, Osakidetza eta Tolosaldeko alderdi politiko, sindikatu, eta eragile sozial desberdinen arteko mahai bat osatzea proposatu du, eta horren helburua «Tolosaldeko Osasun Arreta Publikoaren diagnostikoa egin, beharrak identifikatu eta eredu berri bat sortzea litzateke». Diagnostikoan, egungo errekurtso guztien balorazioa egin behar dela gaineratu du, tartean Asuncion klinikarekin indarrean dagoen hitzarmena, anbulantziekin dagoen kontratua eta baita etxeetarako medikuen zerbitzua ere.

Beste lan mahai bat ere proposatu du EH Bilduk, kasu honetan, Legebiltzarreko Osasun batzordean publifikazio eta integrazio prozesua martxan jartzeko, bertan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta eskualdeko eragileak izatea ere eskatuz. Aipatutako bi lan mahai horiek ez badira gauzatzen ere, EH Bilduk eskualdeko osasun arretaren diagnostikoa egingo duela dio.

Beste pausoa, sare publikoan baliabide teknikoen eta langileen integrazioa izango litzateke. Besteak beste, «lan mahaiaren adostasun eta irizpideen barruan, klinikaren eskuratzea eta bertako langileen integrazioa eman beharko lirateke, zerbitzua erabat publifikatuz».

Beste pausoa ospitale eta azpiegitura berrien inguruan egitea proposatu du EH Bilduk: «Osasun eredu berri batek baliabide berri eta egokiak sortzeko beharra ekarriko du. Ospitale publiko berri eta moderno bat behar da, zerbitzu guztiak berrantolatu eta aurrera eramateko modukoa. Zerbitzua osorik langile publikoek emango lukete».

Asuncion klinikako langileen integrazioaren inguruan ere proposamen zehatzak egin ditu koalizioak. Horren harira, administrazio publikorako sarbideetako probak gainditu dituzten pertsonen «lehentasuna» onartzen badu ere, «klinikako langileek ere lanean aritu diren denbora guzti honetan eskubide batzuk irabazi dituztela» diote. Integrazio firma egunean kontratu mugagabea duten langileak «estruktural eta praktiko-funtzionalen integratzea, kontratu harremana mantenduz», proposatu dute. Aldi baterako langileei dagokionez, enpresan eskainitako denbora etorkizuneko Lan Eskaintza Publikoetan bermatzea. Bestalde, zuzendaritza organoetan diren edo izan diren, nahiz hauekin loturarik duten pertsonak integraziotik baztertzea proposatu dute.

Bestalde, lan eta soldata homologazioaren prozesuak gehienez bi urteko epea izatea aurreikusten du EH Bilduk. «Epe hau igarota, langile guztiek Osakidetzako langileek dituzten lan eta soldata baldintza berak eduki beharko dituzte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!