«Denon artean sortu dugu antzezlana»

Mikel Iraola 2018ko mai. 24a, 20:43

Eskualdeko zazpi antzerkizalek osatzen dute Katiuska Antzerki Taldea. Miren Garikano, Xabi Gomez, Idoia Bengoetxea, Joana Zubelzu, Ander Malbadi, Olatz Godoy eta Idoia Gereñu dira partaideak. Azken honen zuzendaritzapean, zerotik taldean sortu duten lana estreinatuko dute, bihar, Topic-en: Zorion hutsa.

Zerekin harrituko gaitu aurten Katiuskak?
Ander Malbadi: Aurreneko sorpresa izango da ez dela komedia bat. Jendea gurekin ohitu da barre egitera, eta une batzuetan barre egitea espero dudan arren, aurtengo obraren helburua ez da hori. Pentsaraztea bilatzen duen drama bat da.
Idoia Bengoetxea: Gaia ere pixkanaka ulertzen da. Hasieran baliteke apur bat galduta egotea, baina aurrera doan heinean azaleratuko da argumentua. Tantaka sartuko da informazioa, puzzle bat osatuz. Horregatik ez dugu gaia zein den esan emanaldiaren aurretik.

Beraz, ezin esan zeren inguruko hausnarketa egin beharko duten ikus-entzuleek.
Idoia Gereñu: Izenburuak ematen du hausnarketarako bide bat, eta hortik abiatuko gara. Antzerkiaren zereginetako bat beti izan da publikoari zerbait esatea. Gainerako arte diziplina askok ere fikzioan oinarrituta errealitatea erakusten dute, kritika eginez. Euskal antzerkiak bere historia motzean asko erabili du hori. Eta hori egiten saiatu gara.

Umorea jorratu izan duzue orain arte. Estilo hori alde batera utzi eta drama bat egitea erabaki duzue. Zer dela eta aldaketa hau?
Joana Zubelzu: Beste zerbait probatzeko gogoa genuen.
Xabi Gomez: Erronka modura ere hartu dugu. Barre egitea zaila da, baina pentsaraztea baino errazagoa da. Jendea antzerkira barre egiteko ohiturarekin edo gogoarekin joaten da. Gu beste zerbaiten bila joan gara.
Olatz Godoy: Hori da. Ikasteko helburuarekin hasi zen Katiuska, tailer gisa. Ikasten jarraitzeko bide horretan geuri buruei jarri diegun beste erronka bat da.
I.G.: Egia da orain arte egin ditugun obrak ezberdinak izan direla, probatzeko aitzakia horrekin. Jolas bat da guretzat, amateur izateak horretarako askatasuna ematen digu. Daukagun maila honetan, zeure burua rol ezberdinak egiten ikustea aberasgarria da. Beti komedia egingo bagenu, erronka berririk jarriko ez bagenu, Katiuska galdu egingo litzateke. Etengabe probak egiten gabiltza, eta gauza ezberdinak egite horrek plus bat gehiago ematen du. Orain argiak eta musika ere gehitu ditugu, eta horrek ere lan gehiago suposatu du.
I.B.: Generoaz gain, norberaren pertsonaiak ere ezberdinak izaten saiatu gara. Hau da, ez izaten guri ondo datorkigun pertsonaia bat, ezberdina baizik.

Gaia nola erabaki zenuten?
I.G.: Asteburu pasa joan ginen denok. Ideia zaparrada bota genuen, baina ez genuen ezer egoki ikusten. Bat-batean, norbaitek esaldi bat bota zuen eta denok ikusi genuen. Adostasuna erabatekoa izan zen, eta horrek indar asko ematen dio ideia berari.

Hitz egin dezagun antzezlana sortzeko prozesuaz.
X.G.: Sormen prozesua zerotik abiatu da. Aurreko kasuetan beste nonbaitetik hartu izan ditugu ideiak; oraingoan den-dena gurea da. Ia 2 urte daramagu honekin. Xehetasun txikienenetan ere gelditu gara, bi aldiz pentsatzeko.
I.G.: Katiusken erreinua ere guk sortu genuen, baina lehenengoa zenez, esketx oso ezberdinak egin genituen, eta ondoren, horiek lotzeko modua asmatu. Orain testu bat bere osotasunean egitea izan da apustua, hasieratik bukaerara bat izango dena. Lan horretan denbora asko pasa dugu, gidoi bat idaztea oso zaila delako, detailerik txikienak ere zaindu behar dituzulako.
X.G.: Prozesu hori zaila da batek egiten badu, baina talde baten egiten bada are zailagoa da. Baina argi genuen zerotik hasi nahi genuela, gurea den zerbait egin nahi genuela.
I.G.: Euskal antzerkigintzan testugintzarena da handicap handiena talde askotan. Normalean pertsona bakarrak idazten du. Aldiz, gurea autoekoizpena izan da, eta azpimarragarriena dena, denok batera idatzi dugu. Zati batzuk idazterako orduan guztiok elkartu gara, eta beste batzuk banatu egin dira. Ondoren hori guztia uztartzea, lotura bat eman eta zentzua izatea oso zaila da, eta balioa eman behar zaio. Ideia denona da, eta idazleak ere denok gara.

Badago gisa honetako antzezlanen aurrekaririk?
I.G.:  Aktore taldeak berak idaztearena, nik dakidala, ez. Are gutxiago zazpi pertsonako talde amateur batean.
I.B.: Inprobisatzaile batzuk badaude, baina normalean idazle bakarra izaten dute, bi gehienez.

Erronka aipatu duzue. Ikasketa prozesua ere bai. Zer ikasi duzue aldaketa honetatik?
X.G.: Niretzat obra bere osotasunean sortzea erronka ikaragarria izan da. Horrez gain, zerbait sortzerakoan beti nahi duzu azkar egin, oholtzara igo nahi duzulako, entseatu nahi duzulako... Eta itxaroten jakiteko prozesu hori pertsonalki ondo etorri zait.
A.M.: Bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago egingo ditu, elkarren artean oso ezberdinak. Aldaketa hori egiteak badu zailtasuna, eta hori izan da irakaspen handiena hemendik.
O.G.: Hausnarketarako gaiak proposatu genituen momentuan, aurretik lanketa bat ere egin genuen. Fikziotik hitz egingo dugu gai horien inguruan, baina errespetuz, fribolizatu gabe, behartu gabe... eta hori lortzeko egin dugun lehen barne hausnarketa eta lanketa interesgarria izan da.
I.B.: Talde lanean aritu gara, eta ikasi dugu ados jartzen, entzuten edo amore ematen: idazterako orduan, eta gainerako gauzak nola egin erabakitzerako orduan.

Ikus-entzulea emanalditik nola ateratzea gustatuko litzaizueke?
O.G.: Obra bukatu ondoren, hori lehenengo (barreak).
J.Z.: Ikusitakoarekin gustura ateratzea. Espektatibak betetzea.
I.B.: Niri gustatuko litzaidake jorratzen diren gaien inguruan hitz egitea ondoren, hausnartzea.
I.G.:  Zuzendaritza ikuspuntutik, pertsonaia ezberdinak izateak badu zailtasuna, eta banuen beldur bat: ez ulertzea. Guk erraz ikusten dugu lotura guk geuk sortu dugulako, baina publikoak gauza ezberdin asko ikusiko ditu. Horregatik beldur hori. Errekaleorren egin genuen aurrestreinaldia, eta han behintzat ikusi genuen ulertzen zela guk nahi genuena. Horregatik nik nahiko nukeena da publiko guztia ondo ulertuta ateratzea aretotik.

Aurrera begira, zein izango da Katiuskaren martxa?
I.B.: Ekainaren 15ean Bergarako Gaztetxean izango gara, eta urrian, Alegian.
X.G.: Gure asmoa mugitzea da, udazken-negu parte horretan. Udako oporrak guretzat oporrak dira, eta gero ikusiko dugu. Jasotzen dugun erantzuna positiboa bada, publikoa gustura badago, jarraituko dugu. Noiz arte? Ikusi beharko.
I.G.:  Orain gozatu egin behar dugu, eta egindako lana erakustea tokatzen zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!