Realeko beteranoak, garaile Amezketan

Jon Leunda 2018ko mai. 21a, 14:57

Amezketako eta Abaltzisketako jokalariekin osatutako taldeak 4-7 galdu zuen Realeko beteranoen aurka.

Festa eta kirola, dena uztartu zen larunbatean Amezketan jokatu zen areto futbol partidan. Neurketa ona jokatu zuten Realeko beteranoek eta Amezketako eta Abaltzisketako jokalariek: joko ona, golak, emozioa... ikuskizun paregabea. Harmailetan ere festa izan zen nagusi, bete egin baitziren.

Eskualdeko taldea aurretik jarri zen, Xabier Goikoetxearen gol bati esker, baina berehala berdindu zuen Realak, Gorka Dueñasi esker. Ondoren etorri ziren etxekoen unerik onenak, eta Aritz Muruaren bi golekin, 3-1 jarri ziren aurretik. Atseden hartzera horrela joango zirela zirudienean, Alex Aizpuruak lortu zuen 3-2koa.

Bigarren zatiaren hasieran ere abaltzisketarrak eta amezkatarrak nagusi izan ziren, eta Iñaki Gorostidik 4-2koa jarri zuen. Hortik aurrera, ordea, txuri-urdinen erreakzioa etorri zen, eta Alex Aizpuruak, bi golekin, Asier Perezek eta Joseba Irazustak, banarekin, neurketa donostiarren alde jarri zuten, partida erabakita utziz.

Urko Otamendi, Iñaki Gorostidi, Xabier Yugueros, Joxeramon Elizalde eta Xabier Goikoetxea izan zen Amezketako eta Abaltzisketako taldean hasierako bostekoa osatu zutenak. Gainera, Eneko Otamendi, Luismari Murua, Joxeramon Mujika, Aritz Murua, Gaizka Mujika, Mikel Gurrutxaga eta Gorka Senperena ere aritu ziren.

Realarekin, berriz, Irurtzun, Orbegozo, Loinaz, Aizpurua eta Perez aritu ziren hasieratik. Gero, Santi Bakero, Dueñas, Zudaire, Zabala, Elosegi eta Irazusta ere aritu ziren. Epailea, berriz, Joseba Larreta Latu amezketarra izan zen.

Aipaturiko jokalari hauez gain, eta jokatu ez bazuten ere, aurpegi ezagun asko izan ziren Amezketan, besteak beste, Realeko jokalari izandako Lopez Ufarte, Gorriz, Uria, Fuentes, Elola edota Cuyami. Etxeko taldean, Aitor Murua entrenatzailearekin batera, Euskal Selekzioko hautatzailea den Mikel Etxarri ere aritu zen entrenatzaile lanetan.

Partida honen aurretik, gaztetxoen torneoa ere jokatu zen, eta Abaltzisketak irabazi zuen. Areto futbolaz gain, bertsoak ere izan ziren entzungai, Anjelmari Peñagarikano eta Bixente Gorostidiren eskutik. Behin kirola amaituta, Abaltzisketan batu ziren bazkaltzeko, eta eguna iluntzera arte luzatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!