Gaur egin duten Milimetroak festan iragarri dute albistea. Villabonan Malkar eta Errebote plazetan ospatuko da jaia eta Zizurkilen, Joxe Arregi Plazan.
Atzo, Kilometroak jaiaren eredu berria aurkeztu zuten Zumarragan. Ikastolen Elkarteak bertan iragarri zuenez, orain arte ezagutu dugun Kilometroak jaia aldatu egingo da 2020. urtetik aurrera. Gipuzkoako ikastolen asmoa da Kilometroak urte osoko ekimen bat izatea, eta ikastola batek baino gehiagok parte hartzeko aukera izatea urtero.
Orain arte bezala, Kilometroak jai bat ospatuko dela eta hori antolatzeko ardura ikastola batek hartuko duela aurreikusten dute Ikastolen Elkartetik –gaur iragarri dutenez Zubimusu ikastolak antolatuko du 2020koa–. Baina, horrez gain, urtean beste hainbat jaialdi txiki egitea da asmoa, eta horiek egiteko ardura beste ikastola batzuek hartuko dute. Jaialdi guztiak sartuko dira Kilometroak ekimenaren barruan.
Bi urteko lanaren ondoren, 2020. urtetik aurrera Kilometroak izan behar dituen ezaugarriak edo premisak aurkeztu dituzte Gipuzkoako ikastolek. Kilometroak berriak hauek guztiak bete beharko ditu: Ikastolen mugimenduaren misioa bete, Ikastolen Elkartea sendotu, ikastola bakoitzaren komunitatea sendotu, parte-hartzea areagotu, naziotasuna indartu, xede ekonomiko-errentagarria birkokatu, azken jaia urte osoko emaitza bihurtu, berritzaile eta garaikidea izan, jaiaren dimentsioa birkokatu eta ikasleak ahaldundu.
Ilusioa eta gogoa
Poz handiarekin hartu du albistea Ana Santamaria Zubimusu ikastolako zuzendari pedagogikoak: "Laugarren aldia zen aurkezten ginela eta bagenuen gogoa Kilometroak festa Aiztondo bailarara ekartzeko, sekula ez baita hemen egin". Irura eta Tolosako ikastolek antolatu izan dute festa, baina behin ere ez Zubimusuk. "Bailara guztira zabalduko dugu festa eta 2020ra bitarteko prozesua elkarrekin egiteko asmoa dugu", esan du Santamariak.
Gipuzkoako ikastolen jaia 2020. urtetik aurrera moldatuta etorriko da eta Zubimusu ikastolako zuzendariak aipatu duenez, "gaur Amasa-Villabonan eta Zizurkilen egin dugun Milimetroak festak balio dezake eredu bezala beste ikastolentzat". Egun osoko festa izan da eta bi herrietako plazetan burutu dira ekintzak, besteak beste, Joxe Arregi plazan 700 lagun bildu dira bazkaritarako. "Egun borobila atera da", esan du Santamariak. "Oso denbora gutxian antolatu dugu guztia, batzordetan bildu diren gurasoen borondatezko lana ezinbestekoa izan da guztia behar bezala atera dadin".