«Ehiztaria naiz eta harro nago esateko gogoa zeukan jendeak»

Asier Imaz 2018ko mai. 20a, 10:03
Haritz Ezeiza, Gipuzkoako Ehiza Federazioko koordinatzailea

Ehiza Eskolako zuzendaria eta Gipuzkoako Ehiza Federazioko Koordinatzaile Orokorra da Haritz Ezeiza (Donostia, 1973); ogibidez, abokatua.

Zer da Ehiza Eskola?

Federazioak bere barruan dauka Ehiza Eskola. Izenak dion bezala, eskola bat da. Baimena atera nahi dutenei azterketa gainditzen laguntzen diegu, bai teorikoki eta baita praktikoki ere. Federatuak egunean mantentzeko ere balio du. Gero, urtean hiru edo lau ikastaro egiten ditugu. Aurten, DYA-rekin lehen sorospenen ingurukoa egin genuen.

Abokatua, Ehiza Eskolako zuzendaria, Federazioko Koordinatzailea... Zer da zuretzat ehiza?

Nire pasioa eta nire bizimodua. Naturarekin erlazionatzeko modu bat da ehiza, nahiz eta zenbaitentzat hori ulertzea ez den hain erraza.

Nondik datorkizu pasio hori?

Txikitatik, aitonarengandik jaso nuen afizio eta grina hori. Arantzan (Nafarroa) baserri bat daukagu, eta naturarekiko harreman hori beti izan da oso estua. Nire ustez baserritarrak animaliekin daukan erlazioa oso berezi da. Bildotsak ama galtzen baldin badu berak hazten ditu, jatekoa ematen, eta garaia iristen denean hil egiten ditu; baserritarrak berak. Bizitza eta heriotzaren arteko oreka hori berezia da. Ehiza inguru horrekin lotuta dagoen beste aktibitate bat da.

Ehiztariak sarri ehizaz hitz egiten hasten direnean, bere burua justifikatuz bezala hitz egiten dute. Zergatik?

Horrela da, eta manifestazioa hain justu hortik dator. Gure aktibitatea ez dela ulertzen ikusten denbora daramagu. Ehiza kakotx artean jarrita dagoela uste dugu. Batzuk, beti armak eskuan hiltzaile bezala ikusten gaituzte, eta hori da gugandik plazaratzen duten gauza bakarra. Ehiza hori baino askoz gehiago da. Ez dut ukatuko kolektibo guztietan bezala denetik dagoela, eta egin behar ez dituzten gauzak egiten dituztenak badirela. Horretan saiatzen gabiltza, bai ehiztariok eta baita eskolatik ere. Guzti hori aldatzen joan behar delako. Errespetu bat erakutsi behar zaio ez naturari bakarrik, baita hiltzen den animaliari ere.

Noren aurrean justifikatu behar izaten duzue?

Ehiza zalantzan jartzeak dakar justifikazio behar hori. Ez bakarrik animalista deitzen diren horien aurrean. Horiek ikusi ziren zenbat ziren apirilaren 15ean. Aurrez, estatu mailan ere egin dituzte elkarretaratzeak eta oso gutxi direla agerikoa da, nahiz eta zarata asko ateratzen duten sare sozialetan, mehatxuak tarteko. Duela egun gutxi ikaragarrizko gauzak esan zizkioten ehiztari bati. Emakumea da bera, eta ez ditut aipatu nahi esan zizkiotenak, oso gogorra delako. Baina hori balitz dena, tira. Ulertzen ez duguna da administrazio publikoak zergatik egiten dien jarraipena teoria guzti horiei. Zergatik erortzen da diskurtso horretan? Badirudi gu hiltzaileak garela eta beti tranpak egiten gabiltzala.

Estigmatizazio hori sentitzen duzue, beraz.

Bai, gauza asko daudelako kontuan hartzen ez direnak. Mendiak nork mantentzen ditu? Lehen abeltzainak eta artzainak zeuden. Orain gero eta gutxiago. Guk auzolanak egiten ditugu, pistak eta bidezidorrak mantentzen ditugu... Duela gutxi bi elkartek zabor tonak atera zituzten mendi eta ibai ertzetatik; ehiztari elkarteak ziren. Ekologistak eta animalistak ez ditugu lan horietan ikusten; ez ditugu sasiak eta oteak garbitzen ikusten.

Apirilaren 15eko manifestazioaren aldarri nagusia zein izan zen?

Gure aktibitatea erabat arautua dago. Askotan buru askorik gabe, gure ikuspuntutik. Baina horrela izanik, errespetatua izan dadila eskatu genuen. Niri adibidez agian eskia ez zait gustatuko, mendiak txikitzen dituelako. Baina arautua dago eta errespetatu beharra daukat. Bakoitzak bere ideiak defendatu behar ditu, baina errespetutik. Animalista erradikal horien aldetik ez dugu errespeturik ikusten. Administrazioak ere ehiza nagusia beharrezkoa dela ikusten du, eta laguntza eskatzen digu. Baina beste aldetik gero eta traba eta murrizketa gehiago jartzen dizkigu. Zertan gabiltza? Hitz egin dezagun gauzak diren bezala onartuz. Besteek esaten dutena esanda ere, bada garaia kolektibo honekin hartu eman normal bat edukitzeko, lotsarik gabe.

Basurdeek baserrietako soroetan kalteak egiten dituztenean, zuengana jotzen dute, ezta?

Ez hori bakarrik, kalte horiek guk ordaintzen ditugu, ehiztariok.

Nola?

Basurdeak kalteak eragiten dituenean baserritarrak parte ematen du. Peritu batek baloratu egiten du eta federazioak ordaindu.

Zergatik?

Ez da erraza ulertzea, ezta? Horrek bere historia dauka. Aspalditik datorren kontua da eta horrela asumitu genuenez, ez diogu buelta gehiago eman nahi. Baina horrela da, eta hori ez da esaten edo ez daki jende askok.

Manifestaziora itzuliz, nondik etorri zen deialdia?

Espainiako Ehiza Federazioak egin zuen deialdia. Guk hemen arazo batzuk ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.

Adibidez?

Ulia mendian ehiza egiteko aukera. Bere garaian dekretu bidez debekatu zuen. Arrazoirik ez zuela iritzita, epaitegietara jo genuen, eta guztiak irabazi ditugu. Egoera hori kontuan hartuta, ez genekien manifestazioa egiteko une egokia zen edo ez. Ehiza elkarteekin hitz egin genuen eta aurrera esan ziguten.

Zuen aldarrikapenak gehituz, gainera.

Ehizari eta landa bizimoduari errespetua zen deialdi orokorra. Horregatik, eta eskertzekoa da, ENBA eta EHNE nekazal sindikatuek ere gurekin bat egin zuten, mundu hori baztertua edo ez delako ondo ulertzen hiriko ikuspegitik. Gero, gure aldarriak ere manifestazioan zabaldu genituen: Ulia bai!, ehiza nagusia eta silbestrismoaren defentsa horren adibide.

Elkarteetara joan zinetenean errespetuaren aldarriarekin, gertuko zerbait bezala ikusi al zuten?

Segituan egin zuten bat, beraiek ere presio hori sentitzen dutelako. Hirietan baino herri txikietan zailagoa da, denak ezagutzen direlako eta landa bizimoduarekin lotura oraindik mantentzen delako. Hala ere ehiztari guztiok ikusten dugu gaur egun erdi isilean edo erdi ezkutuan ibili beharra daukagula. Zentzu horretan, nire ustez, ehiztaria naiz eta harro nago behingoz ozen esateko gogoz etorri zen jendea Donostiara.

Espero al zenuten manifestazio deialdiak izan zuen erantzuna?

Inondik ere. 4.000 pegatina prestatu genituen apirilaren 15erako. Manifestazioa 12:00etan hasten baldin bazen, 11:15erako pegatina gabe ginen. Jende piloa elkartu zen, eta batez ere giro alaian. Erabat lasai joan zen dena, jai giro ederrean gure aldarrikapenak zabalduz.

Erlazionatuak

Ehiza bai, ehiza ez

Asier Imaz 2018 mai 20 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!