Hernio eta Zelatun turistei zabaltzeko mapa egin dute

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 17a, 15:34

Hernioko mapa turistikoan Hernio bera zeharkatzen duten ibilbide luzeak eta Zelatunera gerturatzen diren ibilbide motz nagusiak markatu dituzte, batetik, eta tontorrera dauden igoera nagusiak zehaztasunez deskribatu dituzte, bestetik. Alkizako Fagus-Hernio-Gazumeko interpretazio Zentroari ere egin diote tartea.

Tolosaldea, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeak, elkarlanean, Hernio mendikatearen mapa turistikoa atera dute. Helburua mendikatearen aisialdirako ikuspegia balorean jartzea duen euskarri grafikoa egitea izan da. Izan ere, Hernio ingurua leku enblematikoa da gipuzkoarrentzat, Tolosaldea Garatzenek azaldu duenez, eta "potentzial" hori baliatu nahi izan dute hiru eskualdeetan, turismora begira. "Euskal tradizioak bizirik mantentzen diren tokia da –iraileko erromeriak, mendizaletasuna, artzaintza, erlijio usadioak...–, balore natural eta paisajistikoak ditu, kokapen estrategikoa du Gipuzkoaren erdian...".

Era berean, bi oinarri hartu dituzte kontuan euskarria sortzeko. Batetik, San Sebastian Region estrategia turistikoan sartu dute ekimena, horrela "turistak lurraldean zehar barreiatzeko". Bestetik, norako turistiko baten mugak turistak berak mugatzen dituela gogoratu dute, "turistak berak edozein muga edo banaketa administratiboren gainetik mugatzen du ibilbidea, eta lurraldearen orografiak eragin nabarmena du turistak egiten duen hautu edo muga horretan", esan du Tolosaldea Garatzenek.

Hernioko mapa turistikoaren bi bertsio egin dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz dena (7.000 ale) eta ingelesez eta frantsesez dena (3.000 ale). Mapa lurraldea airetik ikusiko balitz bezala marraztu dute, barnealdetik kosta eta hiriburura begira jarrita. "Erdian Hernio tontorra eta bereziki nabarmendu dira Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuak barneratzen dituen herriak", esan dute. Era berean, Hernio zeharkatzen duten ibilbide luzeak eta Zelatunera gerturatzen diren ibilbide motz nagusiak ere markatu dituzte, eta eguna osatu ahal izateko inguruko museoen berri ere jaso dute. Maparen atzealdean Hernio tontorrera dauden igoera nagusiak zehaztasunez deskribatu dituzte, ibilbideen informazio teknikoa zehaztuz. Mendizaleak ez direnentzat errepide paisajistikoak ere nabarmendu dituzte, hau da, Tolosa-Loiola eta Asteasu-Aia. Hernio inguruan ospatzen diren kirol probak ere aipatu dituzte, eta atal berezia eskaini diote Alkizako Fagus-Hernio-Gazumeko interpretazio Zentroari. Inguruko lotarako tokien berri ere jaso dute.

[DESKARGATU IBILBIDE BAKOITZAREN MAPA INFORMAZIO OSATUAREKIN]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!