Eskualdeko preso ohiei ere eragin die 'Zerga' operazioak

Ataria 2018ko maiatzaren 17a

Salburuan Guardia Zibila furgoneta bat eramaten. @CYRALAVA

Preso politiko ohien ondasunen aurka egiten ari da Guardia Zibila; eskualdeko hainbati ere eragin die operazioak.

Euskal preso politiko ohien ondasunen aurkako operazioa abiarazi du gaur, Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalarekin elkarlanean. Euskal Herri osoko 50 preso politiko ohik zortzi milioi euroko «zorra» luketela esan du Espainiako Barne ministroak, Juan Ignacio Zoidok, eta beraz, «terrorismoaren» biktimen kalte-ordainak ordaintzeko euren ondasunak bahitzen hasi dira. Tartean daude eskualdeko hainbat preso ohi, baina momentuz ez dute horien nortasuna ezagutarazi.

Zerga operazioa
Guardia Zibilek Zerga bezala izenpetu dute operazioa eta urte eta erdiko ikerketa baten emaitza dela esan dute, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek. Iturri berberen arabera, preso ohiek ez dituzte kitatuak kalte-ordainak, baina ondasun batzuen jabe dira edota jarduera ekonomiko eta laboralak dituzte. 45 kontu korronte baino gehiago blokeatu dituzte, eta 30en bat lan nomina aztertzen ari dira, soldataren parte bat kalte-ordainetarako erabiltzeko. Hainbat etxebizitza, lokal komertzial eta aparkaleku ere identifikatu ditu, Guardia Zibilak.

«Segurtasun indarrek terroristei jazartzen segituko dute», adierazi du operazioaren harira, Zoidok, Palman (Herrialde Katalanak), turismo plan bati buruzko aurkezpenean. Barne Ministerioak esan du lanean jarraituko dutela «terroristek Justiziarekin dituzten zorrak kitatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!