Aranzadiren udako indusketetan izena emateko epea zabalik

Jon Miranda Labaien 2018ko mai. 17a, 13:44

Uliko gailur lerroko giza kokalekuetan, Anoetako Basagain Burdin Aroko herrixkan, eta Aiztondon, 1936ko kolpistei aurre egiteko osatutako lubakietan egingo dira lanak.

Aranzadi zientzia elkarteak udan garatzen duen jarduera nagusietako bat dira ikerketa arkeologikoak. Koba, dolmen, herrixka, galtzada, gaztelu, ermita eta bestelakoetan erregistratzen den informazioa ezinbestekoa da iragana ezagutzeko eta ondarea kontserbatzeko. Ikerketa arkeologiko horiek udalekin eta aztarnategiak dituzten udalerrietako herritarrekin lankidetzan garatzen dira. Beste hainbat herri erakunderekin batera, Aduna, Anoeta, Asteasu, Larraul, Leaburu eta Zizurkilgo udalek babesten dituzte indusketak.

Hala ere, proiektu horiek ezingo lirateke burutu, ikerketa hauetan parte hartzen duten zuzendarien, ikasleen eta bertan inplikatutako pertsona guztien boluntariotza lanik gabe. Aurten parte hartzeko, laguntzeko edo ikasteko interesa duten pertsonek ere izango dute aukera. Beraien eskaerei erantzun nahi izan die Aranzadik eta informazio liburuxka bat kaleratu du, oinarrizko informazioa jasoz. Parte hartu nahi dutenek derrigorrezko bi baldintza bete beharko dituzte udako indusketetan aritzeko: elkarteko bazkide izatea, eta maiatzaren 18a baino lehen, www.aranzadi.eus atarian topatuko duten formularioa betetzea.

ERROIZPE-ULI KORDA

Lan horietako batzuk Erroizpe-Uli Kordala artean egingo dira Leaburu, Berastegi, Gaztelu, Lizartza eta Orexako lurretan. Ikerketa honen helburua gailur lerro menditsu honetako populaketaren bilakaera berreraikitzea da, historiaurretik Erdi Arora. Egiten ari diren lanei esker, hainbat aztarna arkeologiko aurkitu dira (monumentu megalitikoak eta antzinako etxolak, besteak beste). Aurten, uztaila eta urria bitartean egun solteetan burutuko dituzte lanak, Leaburuko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Bost pertsonek hartuko dute parte eta eskualdekoek izango dute lehentasuna izena ematerakoan.

BASAGAINGO INDUSKETA

Burdin Aroko herrixka da Anoetako Basagain, Euskal Herrian arkeologikoki gotortutako aktiboenetakoa. Bertan zegoen merkataritza jarduera egiaztatu ahal izan da azkeneko 20 urteetan agertu diren burdinazko, zeramikazko tresna eta beira aleei esker. Aurten ere, aurreko urteetan bezala, Xabier Peñalverrek eta Eloisa Uribarrik zuzendutako indusketak egingo dira, irailaren 3tik 22ra bitartean eta 15 lagunek hartu ahal izango dute parte, Anoetako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako indusketan.

SASETA DEFENTSA SISTEMA

Uztailaren 2tik 15era, 18 lagunek hartuko dute parte Saseta defentsa sistemaren indusketa arkeologikoetan, Aranzadi zientzia elkarteak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualdeko hainbat udalen laguntzaz. Aurten, Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalei Larraulgoa batu zaie eta indusketa lanetako batzuk udalerrian egingo dituzte.

Larraulgo talaia horretatik parez pare ikus daiteke Iturriotzen hasi, eta muinoz muino, Andatza, Santamaña, Iramuño, Zarateko Haitza eta Belkoain bitartean osatu zen defentsa sistema. Azpeitiko komandantziaren esanetara Saseta militar hondarribiarrak osatu zuen, oso egun gutxiren buruan eta 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarretik hilabete eskasera. Besteak beste, Larraulgo Murgiletik erasotzen zieten militar kolpistei aurre egin ahal izan zieten gudariek ia hilabetez, elkarrekin komunikatutako lubaki eta defentsa elementuak baliatuz. Eremu horretan izan ziren lehenengo liskar belikoak eta bertan erori ziren lehenengo gudariak. Matxinada faxistaren aurrerapena eten eta irabazitako denbora giltzarria izan zen, urte hartako urrian, autonomia estatutua onartu eta aurreneko Eusko Jaurlaritza osatzeko.

Azkeneko urteetan egin diren indusketa lanetan, erresistentzia gune horietan erabilitako bala zorroak eta beste hainbat material aurkitu izan dira. Ahaztutako ondare hori dokumentatzen ari da Aranzadi zientzia elkartea, Javi Buces, Alba Peña, Julien Blanco, Manex Arrastoa eta Iñaki Alzugurunen zuzendaritzapean. Hain zuzen, egitasmo honen barruan, Saseta Defentsa-Sistema - Armatutako Erresistentzia Antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburua eman zuten argitara 2016an, Javi Bucesek eta Karlos Almorzak.

Aurreko urteetan, Adunako Belkoain inguruan eta Zarateko Haitz mendiaren Asteasuko lepoan egin izan dituzte indusketa lanak. Euskal Herriko puntu ezberdinetatik eta Espainiako estatuko beste lurralde batzuetatik etorritako gazteek hartu dute parte esperientzian. Aurten ere, memoria historikoa berreskuratzeko lanari ekingo diote beste 18 gaztek gure eskualdean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!