Baserritarren eta herri kirolen eguna

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 15a, 16:07

Eskualdeko hainbat herritan ospatzen ari dira baserritarren zaindariaren omenezko San Isidro Eguna. Amasan, besteak beste, hamaiketakoa egin dute, Asteasun idi probak eta Zizurkilen aizkolariak aritu dira.

60 pertsona inguru elkartu dira Amasako Uxo Toki elkartean hamaiketakoa egiteko, horietako asko meza entzun eta gero. Larrañaga eta Loidisaletxe bertsolariak hamaiketakoan ziren ere, ondoren plazan abesten aritzekoak baitziren.

Asteasun beste behin idi probak izan dituzte. Gutxienez 30 urte badira plazako probalekua erabiltzen dela egun honetan. Gaurkoan Astigarragako Aitor Matxainen idi pareak irabazi du lehia, 53 plaza eginez, Asteasuko Itxaso Arrutiren idi pareak 44 plaza egin dituen bitartean. Matxainen animaliek eskarmentu handiagoa dute plazan, eta hori nabaritu egin da gaurko deman.

Zizurkil Goiko frontoian egin dituzte eguerdi bitarteko ekitaldiak. Pilotan afizionatuen maila handiko partida ikusi dute bertaratu direnek. Eskualdeko lau pilotari aritu dira, eta Peru Labaka zizurkildarrak eta Aizpuru asteasuarrak 22-19 irabazi diote Zufiria berrobitarrari eta Urruzola asteasuarrari. Ondoren, aizkolarien lehia iritsi da. Binaka aritu dira, eta lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako enborrak ebaki behar izan dituzte. Joseba Otaegi zizurkildarrak eta Urteaga idiazabaldarrak osatu duten bikoteak irabazi du, 21 minutu eta 10 segundoko denbora eginez. Bere aldetik, Irazu eta Unai Otaegi zizurkildarrek osatu duten bikoteak 22 minutu eta 25 segundoko denbora behar izan du lanak bukatzeko.

Hiru herrietan bazkariak egin dituzte, eskualdeko beste hainbat herritan bezala, Elduainen esaterako, eta ez da trikiti doinurik edota bertsorik falta izan gehienetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!