Osasun publikoaren afera

EH Bilduk Asuncion klinika publifikatzeko proposamena landu du

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 15a, 16:35

Koalizioak datorren asteazkenean aurkeztuko die dokumentua herritarrei, Tolosako Topic zentroan; «eztabaidarako lan dokumentu bat» dela nabarmendu du.

Tolosaldeko osasun arreta publikoaren inguruko eta Asuncion klinikari buruzko proposamen «zehatza» landu du EH Bilduk. Datorren asteazkenean, hilak 23, aurkeztuko dute Tolosako Topic zentroan, 19:00etatik aurrera.

Koalizioak ez du gehiegi aurreratu nahi izan, baina proposamenak lau ardatz dituela argitu du Unai Iraolak: «EH Bilduren osasungintza publikoari buruzko filosofia eta lan ildoa; Tolosaldeko osasun publikoak behar
dituen azpiegituren berrantolaketari buruzko gogoeta eta proposamena; langileak integratzeko proposamen zehatza; eta Legebiltzarreko ibilbide politiko zein legalaren inguruko azalpenak eta EH Bilduk aurrera eramango dituen iniziatiben azalpen eta proposamena». «Egingarria den proposamena da eta, batez ere, borondate politikoa eskatzen du», gaineratu du.

Eskaeretatik harago, proposamen zehatzak egitearen garrantziaz mintzatu da ere Kristina Pelaez eta esan du, eskualdeak proiektu berri eta moderno bat behar duela, herritarren beharrak kontuan izango dituena. «Proposamena herritarrei eta afera honetan interesa duen orori aurkeztu nahi diogu». Proposamena ez da dokumentu itxi bat, «eztabaidarako lan dokumentu bat» dela esan du Pelaezek, eta gaineratu «osasun arreta aldatzeko tresna» moduan ikusten duela EH Bilduk dokumentua. Horregatik jaso nahi dituzte herritarren iritziak, baina ez bakarrik horiek, «osasun politikan, besteetan bezala, herritarren parte hartzearekin eta gardentasunez jokatu behar da. Osasun arreta hobetzea bilatzen badugu proposamena herritarrekin, erabiltzaileekin eta profesionalekin konpartitzea da asmoa, iritziak jaso eta eztabaidarako prozesua irekiaz, eskualderako nahi dugun osasun arreta adosteko».

Urteetako auzia
Pelaezek gogoratu du urteak direla Tolosaldeko osasun arreta publikoa auzitan dagoela. «Arrazoiak desberdinak izan dira; langileen egoera, Asuncion klinikak Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren baldintzak ez betetzea, klinikaren beraren egoera, Tolosaldeko arretan inbertsio falta, mediku espezialistek alde egitea...», esan du.

Arrazoi horiek guztiak, klinika pribatu bat –Asuncion– erreferentziazko ospitale baten moduan lan egitearen ondorio direla ere esan du. «Honen atzetik osasungintzaren eta asistentziaren pribatizazio nahia» dagoela nabarmendu du EH Bilduko kideak.

Osasungintzan «negozio nahia» dagoela esan du eta herritarrek jasotzen duten arretan ondorio negatiboak edukitzea «eztabaida ezina» dela gaineratu du. «Baliabide guztiak ez baitira arretara bideratzen». «EH Bilduk argi dauka zerbitzu publikoak kudeaketa publikoa behar duela izan eta ez bakarrik baliabide guztiak osasungintzarako erabiliko direlako, baita integrazioak eraginkortasuna eta koordinazioa nabarmen hobetzen dituelako ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!