Asteasuk aurrera egin du Herriartekoan; Paletan, Anoetak hartu du aurrea

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 14a, 14:47

2-1 galdu zuen Asteasuk joaneko kanporaketa, eta etxean emaitza berarekin nagusitu ziren asteasuarrak. Tanteoagatik, ordea, aurrera egingo dute. Gomazko paletan, berriz, Anoeta eta Tolosa aritu ziren nor baino nor gehiago, eta Anoeta aurreratu da: 2-1.

Erabakita geratu dira Herriarteko Pilota Txapelketako final zortzirenak jokatuko dituzten taldeen izenak. Horien artean da Asteasu. Aiari 2-1 irabazi zion, eta Astigarraga izango dute aurkari hurrengo kanporaketan.

Jubenilen mailako neurketa erabakigarria izango zela jakina zen aurrez. Bada, neurketa hori irabaztea lortu zuten asteasuarrek, emaitza berarekin, gainera. Julen Huizik eta Iker Elizegik 22-19 irabazi zuten. Hortaz, nagusien eta jubenilen mailako tantoak ere erabakigarri bihurtu ziren.

Bada, kadeteen mailan Ibon Lanzetak eta Gorka Huizik, joan den asteko 22-1ekoa txukundu eta 22-13 galdu zuten. Ostera, garrantzia handiko tantoak egin zituzten gazteenek. Nagusien mailan, berriz, Xabi Urbieta eta Julen Aizpuru berriro ere nagusitasun osoz gailendu ziren: 22-3. Hortaz, tanteoari erreparatuta, asteasuarrak nagusi izan dira.

Asteburu honetan jokatuko dira final-zortzirenak. Asteasu Astigarragaren aurka arituko da. Tolosa, Bidania-Goiatz, Altzo eta Zizurkil, berriz, orain sartuko dira lehian. Tolosarrek egungo txapeldunaren aurka jokatuko dute, Azpeitiaren aurka, alegia. Etxean jokatuko dute lehenengo. Bidania-Goiatzek eta Altzok ere etxean jokatuz hasiko dute Herriartekoa, Oñatiren eta Hernaniren aurka, hurrenez hurren. Zizurkilek, berriz, Andoainen jokatuko du joanekoa.

Gomazko paletan, Anoeta aurretik

Gomazko paletan, berriz, joaneko partidak jokatu dituzte asteburuan. Alde batetik, eskualdeko derbia izan zen lehen jardunaldian. Tolosak eta Anoetak elkarren aurka jokatu zuten Beotibarren, eta anoetarrek hartu dute aurrea. Banakakoan, Alain Luisak 20-12 irabazi zion Iñaki Arriolari. Binakakoa tolosarrek irabazi zuten: Iraola eta Mendigainek osatutako bikoteak 22-16 irabazi zieten Luluaga eta Luisari. Emaitza berarekin nagusitu zen hirugarren neurketan Jokin Tolosa anoetarra, Agirreren aurka: 22-16. Itzulera asteburuan jokatuko dute.

Amasa-Villabonak, berriz, 3-0 galdu zuen Azkoitiaren aurka. Banakakoan Otañok ezin izan zuen Epelderen aurka, 22-8. Binakakoan Otaegik eta Ayerzak 22-9 galdu zuten Juaristi eta Larrañagaren aurka. Eneko Maizek ere galdu egin zuen, 22-13, Aizpururen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!