Asteasu, Herriarteko txapelketako kanporaketa gainditzeko esperantzaz

Ataria 2018ko maiatzaren 10a

Herriarteko Pilota Txapelketako final hamaseirenetako joaneko neurketa 2-1 galdu zuen Aiaren aurka; jubenilen neurketa erabakigarria izango da. Gomazko paletan, asteburuan sartuko dira lehian Tolosa, Anoeta eta Amasa-Villabona.

Posible da. Joan den astean 2-1 galdu zuen Asteasuk Herriarteko txapelketan, baina bada esperantzarako tarterik.

Izan ere, aldea ez da horren zabala. Kadeteen mailan 1-22 galdu zuten Iban Lanzetak eta Gorka Huizik. Jubeniletan ere porrota jaso zuten asteasuarrek: Julen Huizik eta Iker Elizegik osatutako bikoteak 19-22 galdu zuen. Nagusien mailan lortu zuten garaipena, Xabi Urbieta eta Julen Aizpururen eskutik. Kadeteen mailako emaitzaren aurkakoa izan zen: 22-1.

Neurketa erabakigarria, alderik txikiena dagoena, alegia, jubenilena izango da. Hori irabaziz gero, tanto diferentziak aztertu beharko dira, eta beraz, gutxienez hiru tantoko aldeaz irabazi beharko lukete, final zortzirenetara pasatzeko. Irabaziz gero, Astigarragaren aurka neurtuko lituzkete indarrak.

20:00etan hasiko da pilota jaialdia, Usarrabi pilotalekuan.

Gomazko paleta ere bai

Aurten, lehenengoz, gomazko paleta modalitatean ere jokatuko da Herriarteko txapelketa, eta asteburuan hasiko da lehia. Tolosa eta Anoetaren arteko eskualdeko derbia izango da lehen kanporaketan, final zortzirenetan. Jaialdia Tolosako Beotibar pilotalekuan izango da, 19:40etik aurrera. Amasa-Villabonak, berriz, larunbatean jokatuko du Azkotiako Gurea frontoian, 17:00etatik aurrera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!