Enirio-Aralar

«Azterketa zientifiko sakona», Euskal Mendi Federazioaren eskaera

Ataria 2018ko maiatzaren 10a

Euskal Mendi Federazioak bere azken batzar orokorrean Aralarko pisten inguruko adierazpen bat onartu zuen, aldeko 49 botorekin, lau abstentzio eta ezekorik gabe. Batetik, «Aralarko Natur- Parkearen kudeaketak etorkizun bideragarria berma dezan, sektore guztien arteko partaidetza prozesu ireki bat zabaltzea» eskatu du.

Bide horretan, aurreikusita dauden azpiegiturak «jasateko gaitasuna aurreikusteko» Gipuzkoako Foru Aldundiari «azterketa zientifiko sakona eta zehatza» egin dezan eskatu du. Era berean, Aralarren egiten diren jarduera ekonomikoen azterketa sozio-ekonomikoa egitea eskatu dio aldundiari.

Proiektuaren tamainaren eta helburuei buruzko informazioaren «gardentasunaren premia» azpimarratu du federazioak, «gurea bezalako gizarte heldu eta informatuak egokiak jotzen dituen erabakiak modu demokratiko batean har ditzan». Azterketak egin eta parte hartze prozesua bukatu arte pisten obrak eta etorkizunerako aurreikusita dauden proiektuak gelditzea eskatu du. Horrez gain, Aralarko Parke Naturalaren «kontserbazioaren defentsan parte aktiboa» izango dela azaldu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!