Turismoko sektoreko profesionalak, eskualdera bisitan

Ataria 2018ko maiatzaren 10a

Gipuzkoako turismo alorreko zenbait profesional kultura, gastronomia, natura eta abentura uztartzen dituzten esperientziak ezagutzen izan dira Tolosaldean, Aldundiak sustatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak, 'Explore San Sebastian Region' turismo bulegoaren bidez, Gipuzkoako turismo sektoreko profesionalei zuzendutako bost bisita tekniko antolatu ditu, lurraldeko eta bere eskualdeetako leku berezienak bertatik bertara ezagutzeko.

«Eskualdeen Txokoa» ekimenari jarraipena ematea da xedea. Ekimen horren bidez, turismo sektoreko profesionalek lurraldea sakon ezagutzea bultzatu nahi dute, Donostiara iristen diren bisitariei lurraldeko beste leku batzuk aholkatzeko moduan izan daitezen.

Atzokoan, Goierri eta Tolosaldean izan ziren, Elikaduraren eta Gastronomiaren Interpretazio Zentroan harrera egin ostean, Ordiziako azokara joan ziren. Gero, Segurako gaztandegi bat bisitatu zuten artzain baten laguntzarekin, eta Idiazabal gazta dastatzeko aukera izan zuten.

Txindokiren magalean, Larraitzen, Txindokiko Itzala abentura parkea ezagutu zuten. Tolosan ere izan ziren, bertako produktuak dastatuz. TOPIC Nazioarteko Txotxongilo Zentroa bisitatuz eman zioten amaiera jardunaldiari.

«Tradizio turistikorik izan ez badute ere, gaur egun bisitatzeko aukera harrigarri eta desberdinak eskaintzen dituzte herri hauek, eta hori indartu behar dugu. Hori lagungarri izango da turista fluxuak geroz eta orekatuagoak izan daitezen. Guztion artean lortzen badugu Donostia lurraldera irekitako helmuga zabal gisa hartzea eta hainbat egun igarotzeko modukoa dela erakustea, ziurrenik egonaldien batez bestekoa hazi, eta bisita errepikatuak areagotu egingo dira», azaldu du Maite Cruzadok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!