Enirio-Aralar

Landarlanek eta Eguzkik dirua biltzeko kanpaina abiatu dute

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 9a, 12:55

Eguzkik eta Landarlanek emandako prentsaurrekoaren une bat. ARIANE VIERBÜCHER/GOIERRIKO HITZA

Aralarko pisten inguruko auzian herri akusazio moduan daude bi elkarteak, eta fidantzari zein defentsa kostuei aurre egiteko 10.000 euro biltzea dute helburu.

Eguzki talde ekologista eta antinuklearra eta Landarlan ingurumen elkartea herri akusazio bezala aurkeztu ziren epaitegian, Aralar Natur Parkeko lurralde antolaketaren aurkako ustezko delitu batengatik. 2016ko urrian Enirio-Aralarko barruti babestuan 4 kilometro pasako pista bat baimendu eta partzialki eraikitzea sustatzeagatik Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natur Inguruneko Zuzendari Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendari Nagusi ohia auziperatuta daudela azaldu dute bi elkarteek. "Dagoeneko Tolosako epaitegian deklaratzen izan dira akusatu bezala, gure abokatuaren galderei erantzutea uko eginez", gaineratu dute. Epaitzen ari den pista proiektua Saltarriko ganadurako itxitura duela helburu diote, "Alotza ondoan, Aralarren bihotzean, txabolarik ez dagoen tokira eta zati batean eraikita dago, Goroskintxuko txaboletaraino".

Bi ingurumen elkarteak irabazi asmorik gabeko erakundeak izan arren, epaiketako gastuei aurre egin beharko diete. Gogora ekarri dute aldundiak 20.000 euroko fidantza eskatu zuela, "bi elkarteen defentsa eta justizia eskubideak oztopatzeko intentzioarekin, baina epaile instruktoreak ez du aintzat hartu aldundiaren eskaera eta 4.000 euroko fidantza ezarri du". Hori dela eta, epaiketako gastuei aurre egiteko diru bilketa kanpaina abiarazi dute, fidantza eta defentsarako gastuak ordaintzeko, ekainaren amaierarako 10.000 euro lortzea helburu izanik.

Horrez gain, aurreko astean "positiboki baloratu" zuten aldundiko Ingurumen zuzendariak ez duela onartu Enirio-Doniturrieta pista proiektuaren ingurumen inpaktu azterketa. "Baina egun gutxi geroago, Mendi Zuzendaritzak proiektu eta ingurumen ebaluazio proiektu berriak argitaratu ditu aldizkari ofizialean. Hain egun gutxitan posible ez da, beraz, aurretik jakinaren gainean zeudela ondorioztatzen dugu", azaldu dute. Bestalde, ingurumen azterketaren egilea kritikatu dute: "Eusko Jaurlaritza eta foru aldundien pean dagoen Hazi fundazioa berriro da dokumentu horien egilea, parte interesatua, abeltzaintza bultzatzea helburu duelako eta horrela azterketa hori ez da inpartziala, pista proiektua hain zuzen abeltzaintzaren garapenerako behar-beharrezkoa dela arrazoitzen delako". Horrez gain, Mendi Zuzendaritzari kritika egin diote: "Elkarrizketa eta eztabaida sektore guztiekin ireki beharrean, berehala, pista honen proiektua bultzatzen du, prozesu ilun, partziala eta desegoki batean".

Hori horrela, "indar gehiagoz" eskatzen diete herritar guztiei "naturgune babestuen kontserbazioaren aldeko auzi honetan laguntzea", Aralar Natur Parkea "arrisku bizian" ikusten dutelako. Espero dute Aralar Natur Parkeko "etorkizun jasangarria bermatzeko" herritarren laguntza izango dutela, eta aldez aurretik horien ahalegina eskertu dute.

Diru bilketa egiteko honako kontu korronte hauek ireki dituzte Eguzkizaleak eta Landarlanen izenean: ES64 2095 5022 1091 1796 2903 (Kutxabank) eta ES44 3035 0026 2302 6007 7868 (Laboral Kutxa). Horrez gain, "lanak errazte aldera, hainbat herritan 5 euroko bonuak erosiz ere lagundu ahal izango da".

Bi elkarteek, bestalde, babesa eman diote Donostiako Fortuna mendi elkarteak ekainaren 3rako Aralarren zehar "bertako natur ondarea babestearen aldeko helburuarekin antolatu duen mendi martxari", eta bertan parte hartzeko deia egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!