[GUTUNA] Aralarko gailurrak

Miguel Angel Bermudez 2018ko mai. 5a, 09:18

Datorren maiatzaren 20an Bernardo Bidaola Txirrita izeneko mendi martxaren beste edizio bat egingo da, Oargi elkarteko mendizale eta kidearen omenez, ekitaldia antolatzen duen elkartea eta lau urtez behin arrakasta dezentez burutzen dena.

80ko hamarkadan hartu zien erreleboa Oargi elkarteak Aralarko Adiskideei martxa horren antolaketan. Aurretik 1968an antolatu zuten ibilbide honekin: Amezketa, Beoin, Aldaon, Intzeko Dorrea, Tuturre, Putterri, Ganbo, Txindoki, Amezketa. Oargi elkarteak listoia gorago jarri nahi izan zuen martxari bost gailur gehiago erantsiz: Artubi, Oako harrie, Beloki, Pardarri, Ganbo txiki. Zazpitik hamabira pasatu ziren. Ez da makala! Gaur egun hamar gailurrek puntuatzen dute, Oako harrie eta Beoin alde batera utziz, nahiz eta bere gailurretatik oso gertu pasa, kontrolik gabe. Masokagoenek igotzen dituzte.


Martxa mendizalea da erabat, asfaltorik gabekoa eta pista gutxikoa. Hasiera gogorra du, aurre egin beharreko mila metroko desnibela gaindituz. Gogoan izan: «Gailurrera gazte modura iristeko, aldapak zaharrek bezala igo behar dira». Egun luzea dute ibiltariek, denbora guztian mila metrotik gora ibiliz gailurren artean.

Aralarko Adiskideek atseginez uzten diete Igaratzako aterpea antolatzaileei, anoa eta laguntza puntu gisa. Lau gailur falta dira igotzeko, ordurik txarrenak, bero handia egiten du, maiatzaren bukaerako eguzkiak indarra dauka eta estutu egiten du. Eguzkiarentzako babesa eta ura. Derrigorrezkoa. Urik gabeko leku batean gainera. Ur edangarriko oso iturri gutxi daude ibilbide osoan zehar. Larrunarrira (Txindoki) iristen ilusio handiz igotzen da. Azkena da!

Amezketako jaitsierari aurre egin behar zaio Muitzeko sakanetik, sigi-saga egiten duen bidezidor luzea eta desnibel handikoa (oso piriniotarra). Oso polita, baina bere edertasuna ez dugu miretsiko, mendizaleen nekearengatik. Ordu asko dira. Jaitsiera erabakitasun handiz hartu behar da eta esaldi hartan pentsatu: «Beheraka, k… ere korrika doa».

Bixente aterpea, martxaren irteera eta helmuga puntua. Bixente, Maria, Joxe, oroimen onak, ondo zaindu gintuzuen. Chapeua, familia!

Mendizaleak, benetako mendia, Aralarko mendilerroa!

Bon voyage.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!