«Jon Erasun atzean ahalik eta denbora gehien edukitzen saiatuko naiz»

Asier Imaz 2018ko mai. 3a, 14:40

Asteartean Atano III.a pilotalekuan zen Beñat Urretabizkaia (Ikaztegieta, 1992), Erasunen eta Ugalderen artekoa ikusten.

Eskuetatik eta fisikoki nola zaude?
Oso ondo nago, aspaldi egon naizen ondoen; igandea iristeko gogoarekin.

Berriro ere etxean jokatuko duzu. Peña II.aren aurkakoa ikusita ez da albiste txarra.
Lehen partida zen hura, eta nahiko urduri joan nintzen. Gauzak, ordea, nik uste baino hobeto joan ziren. Ea igandean beste horrenbeste jokatzen dudan.

Nolako pilotalekua da Ikaztegietakoa?
Frontisa nahiko noblea dauka, baina lurra oso bizia. Niretzat hori ona da, baina Erasunentzat ere txarra ez dela iruditzen zait.

Zizurkildarra izango da zure aurkaria igandean. Ugalderi 22-21 irabazita iritsi da finalerdietara Erasun. Partida zuzenean ikusi zenuen asteartean, Donostian.
Hasieran jende guztia Ugalderen alde zegoela ematen zuen; erraz irabaziko zuela. Baina Erasunek zenbat jokatzen duen banekien. Entrenamendu ordu asko egin ditugu elkarrekin, ia egunero batera gabiltza. Asteartean, beste behin ere, erakutsi zuen pilotari oso gogorra dela. 14-7 joan zen galtzen, baina buelta eman zion partidari. 21-19an sakea huts egin zuenean ere ez zen batere beldurtu. Buruz buru asko jokatzen duela erakutsi zuen.

Sakea galdu eta partida irabaztea handia izan zen.
Inoiz ez du partidarik galdutzat ematen. Kolpearekin ez du hausten, baina bere baliabideak ehuneko ehunean erabiltzen ditu. Segi eta segi dabil beti, eta horrela ateratzen ditu partidak.

Zein joko egitea tokatzen zaizu igandean?
Ez naiz bereziki artista aurrean tantoa bukatzen; asko kostatzen zait. Orain arte kolpearekin gustura nabil, eta bera atzean ahalik eta gehien edukitzen saiatuko naiz. Gero, aukera dudanean botatzen saiatuko naiz, uzten baldin badit behintzat.

Bakoitza irabazten saiatuko da, baina galduta ere laguna finalean izango da.
Oso lagun onak gara, egunero elkarrekin gaudelako. Normala den bezala, bakoitza bere buruaren aukerak eusten saiatuko da. Galduz gero pena handia izango da, baina poza ere bai, berak nik bezain beste merezi duelako finalean egotea.

Iruñean herritarren babesa izan zenuen. Lehen partidan zer esanik ez, etxean. Orain ere horrela izango da.
Iruñera horrenbeste jende joango zenik ez nuen pentsatzen. Etxean jokatu nuenean ere giro handia egon zen. Ez nago ohituta horrelako afizioarekin jokatzen, eta egia esan, asko eskertzen da horrelakoetan babes hori edukitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!