Instagrameko argazki lehiaketa, ez erretzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 3a, 09:52

Tabakorik gabeko eguna izango da maiatzaren 31 eta horren harira, ekintzak antolatu dituzte; egunean bertan karpa bat jarriko dute Tolosan.

Tabakoaren gabeko eguna gerturatzen ari da eta hori dela eta, Instagram sarean antolatutako argazki lehiaketa bat antolatu du Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak, Tolosako eta Amasa-Villabonako udalek, Tolosaldeko ESIk, Asuncion klinikak eta Tolosaldea-Goierriko Osasun sailak. Nerabeak ez erretzen hastera animatu nahi dituzte kanpaina honekin.

Batetik, Instgrameko argazki lehiaketa egingo dute 16 urtetik gorako gazteen artean eta argazkiek ez erretzeko arrazoiak irudikatu behar dituzte. «Gure asmoa jendeak ez erretzeko dauden arrazoien inguruan hausnartzera gonbidatzea da; erretzaile direnek uzteko arrazoien inguruan pentsatzea nahi dugu eta erretzen ez dutenek ez hasteko zein arrazoi dauden ikustea nahi dugu», esan du Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteko Maider Sierrak. Iaz ere egin zuten lehiaketa eta parte hartzearekin gustura geratu ziren antolatzaileak.

Maiatzaren 21a arte igo daitezke argazkiak sarera #zergatikezerre etiketarekin. Era berean tolosaldea@aecc.es helbidera ere bidali daitezke edota 667 11 36 32 whatsappera bidali. Parte hartzaileek nahi adina argazki bidali ditzakete eta 150 euroko bi sari banatuko dituzte.

Argazki horiek guztiak maiatzaren 31n bertan Tolosako Trianguloan jarriko duten karpan erakutsiko dituzte eta sari banaketa ere bertan egingo dute. Trianguloan Tabakoa eta kannabisa korapiloa erakusketa ere ikusi ahal izango da. Izan ere, Tolosaldean abiarazitako kanpainetako beste ardatzetako bat osatzen du Tabakoa eta kannabisa korapiloa.

Gaiaren inguruko erakusketa eta tailerrak egingo dituzte eskualdeko bigarren mailako hainbat ikastetxetan. «Bi sustantzia horien kontsumoaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi dugu nerabeekin. Badakigu bi sustantzia horiek normalean, batera erretzen direla, bereziki nerabezaroan», esan du Sierrak. Erakusketa hori Villabonako Gurea antzokian ere jarriko dute.

Tabakoaren kontsumoa jaitsi beharraz hitz egin du Sierrak eta gobernuek hartzen dituzten neurriak ez direla nahikoak dio. «Tabakoaren prezioa igo dute, baina ez da nahikoa, urte asko daramatzat erretzaileekin lanean eta nahiago dute ogia ez erosi, baina tabakoa erosteko dirua gorde. Merkeago salduko balitz, jende gehiagok erreko luke behar bada, baina, hala ere, ez da nahikoa. Hausnarketarako espazioak eskaintzea da beharrezkoa gure ustez. Gaur egun informazioa badago, gehiegi askotan, horregatik da gure nahia zalantzak argitzeko eta mitoak hausteko espazioak eskaintzea, erretzaile askok ez baitute uzten, baina larriagoa da jendea oraindik erretzen hasten dela», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!