|PUBLIRREPORTAJEA| Enpresan ikasteko aukera eskaintzen du LH Dualak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 2a, 11:30
Ikasturte honetan LH Dualean ari diren ikasleen taldeko argazkia. TOLOSALDEA GOI MAILAKO INSTITUTUA

Lanbide Heziketaren helburuetako bat da ogibide jakin bat «modu errealago» batean ikasi ahal izatea eta hori, besteak beste, Lanbide Heziketa Dualak eskaintzen du. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua aitzindaria da lan horretan.

Lanbide Heziketaren helburuetako bat eskolaren eta enpresaren arteko zubi hori eraikitzea da, ikasleek aukeratzen duten lanbide hori «modu errealagoan» ikasi ahal izateko. Tolosaldeko Goi Mailako Lanbide Heziketa Institutuak ere horren aldeko apustua egiten du eta bide horretan 2012-2013 ikasturtetik Lanbide Heziketa Duala eskaintzen dute. «Lanbide Heziketa Dualak ikaskuntza-prozesuak konbinatzen ditu enpresa eta ikastetxeetan, batzuen eta besteen arteko lankidetzaren bitartez», esan du Rafa Albisu LH Duala proiektuko arduradunak. «Lan munduan murgiltzea ere bada gure helburuetako bat eta horretan lagungarria da LH Duala», gaineratu du.

Normalean Lanbide Heziketako prestakuntza zikloak bi urtekoak izaten dira, bai maila ertainean eta baita goi mailan ere, eta Dual proiektuan sartzen diren ikasleek bigarren urtean izaten dute enpresetan modu errealean ikasteko aukera. «Ikasle horiek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte; lehen ikasturtea gainditua izatea, ikasleak nahi izatea eta eskolak enpresak lotzea. Ikasketa eta lana uztartzea zaila da eta ikasleek aukeratu behar dute nahi duten ala ez», esan du Albisuk. Lehen ikasturtea, hortaz, eskolan ematen dute, eta bigarrengoan joaten dira enpresetara.

Hala bada, ikasleek LH Dualean parte hartu nahi badute, egiten ari diren zikloaren bigarren urtean lan hitzarmen bat sinatzen dute enpresaren batekin. «Ikasleak irailetik martxora bitarte goizean, 13:00ak arte edo, eskolan egoten dira, eta arratsaldean hiruzpalau orduz enpresan aritzen dira», azadu du. «Ikaslea enpresan langile bat bezala ariko da, dagokion lanak eginez, eta ordainetan dagokion soldata jasoz», gaineratu du. «Urtebeteko lan hitzarmena izaten dute ikasleek eta lana enpresa horretan duten sektoreko hitzarmenaren araberakoa izaten da. Esaterako metalean urteko 1.697 lanorduko hitzarmena dute eta ikasleek kopuru horren gehienez %75a egin dezakete. Normalean hortaz, ikasleek 1.200 bat ordu egiten dituzte. Hitzarmenak ekainaren hasieran egiten dira eta ordu banaketa normalean izaten da ekainaren 15etik iraila hasi arte, hau da, eskolak hasi arte, jornada osoan egoten direla lanean; irailetik martxora arratsaldeetan hiruzpalau orduz egoten direla; eta martxotik hitzarmena bukatu arte jardunaldi osoan egoten direla berriz. Soldata ere enpresa bakoitzak duen hitzarmenaren araberakoa izango da, horren arabera kobratuko du ikasleak, beti ere lanbide arteko gutxieneko soldata izan behar duelarik». «Enpresan bi figura daude bai eskolako Dualeko tutorea eta baita enpresako Dualeko arduraduna ere. Proiektu bat prestatzen da aurretik eta horren arabera egiten dute lan. Proiektu hori, noski, ikasten ari diren zikloaren edukiarekin du zerikusi zuzena eta enpresan egiten dituen lanak zikloarekin gai edo modulu horiekin dute lotura, beti».

Duala ziklo guztietan eskaintzen du Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak, baina egia da ziklo batzuetan ikaslerik ez dela joaten, ikasturte «oso gogorra» izaten delako ikasleentzat. «Lana eta ikasketak batera eraman behar dituzte eta gogorra da», argitu du Albisuk.

GEROZ ETA PARTAIDE GEHIAGO

2012-2013 ikasturtean eskaini zuten lehen aldiz eta ordutik Dual proiektua aukeratzen duten ikasleen eta enpresen kopuruak etengabe egin du gora. Lehen urtean 12 ikaslek eta zortzi enpresek hartu zuten parte eta ikasturte honetan 50 ikasle ari dira 37 enpresatan. Normalean enpresak Tolosaldekoak izaten direla esan du proiektuko arduradunak eta baita Goierriko bakar batzuk ere. «Parte hartzen duten enpresak ezagunak dira; Pasaban, Voith, Panelfisa, Lantier...». Momentu honetan ziklo gehienetan lan aukera asko dagoela dio Albisuk.

GEHIENEK BUKATZEN DUTE

Dualaren barruko bigarren ziklo hori gogorra izanda ere, ikasle gehienek bukatzen dutela esan du irakasleak. Urtebete enpresa batean lanean aritu eta gero ikasleetako gehienek jasotzen dute enpresa horretan lanean jarraitzeko proposamena. «Portzentaje handia izaten da, %75 ingurukoa». Dual proiektuari esker enpresekin gertutasuna lortzen dutela nabarmendu du Albisuk.

Tolosaldea Lehen Heziketa Institutua eta irakasleak gustura daude proiektuarekin eta baita ikasleak ere. Lana eta ikasketak uztartzea zaila dela diote, baina emaitzak merezi duela ere nabarmendu dute. «Enpresan langile izaten ikasi dut: ordutegia, ardurak, erantzukizuna...», esan du ikasleetako batek.

Sei urte dira jada, Tolosaldea Goi Mailako Institutuan Dual proiektua eskaintzen duela eta jada, zazpigarren ikasturtea lotzen ari direla esan du Rafa Albisuk.


ENPLEGU TASA

2012-2013 ikasturtea. 12 ikaslek eta 8 enpresak hartu zuten parte, eta ikasleen %75ak lortu zuen enpresan geratzea Duala bukatuta.

2013-2014. 24 ikaslek eta 15 enpresak hartu zuten parte, enplegu tasa %79koa izan zen.

2014-2015. 24 ikaslek eta 17 enpresak hartu zuten parte, enplegu tasa %76koa izan zen.

2015-2016. 34 ikaslek eta 23 enpresak hartu zuten parte, enplegu tasa %63koa izan zen

2016-2017. 35 ikaslek eta 25 enpresak hartu zuten parte, enplegu tasa %96koa izan zen.

2017-2018. 50 ikasle ari dira ikasturte honetan eta 37 enpresatan ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!