Jokin Altunak erotu ditu pilotazaleak

Ataria 2018ko mai. 1a, 20:23

Promozio Txapelketan eskualdeko ordezkari bat izango da finalean, Jon Erasunek Ugalderi 22-21 irabazi ondoren.

7-0 galtzen; 14-9 atzetik; zortzi sake; bederatzitik 21era zuzenean eta garaipena. Jokin Altunak Donostiako Atano III.a pilotalekuan harmailak sutan jarri ditu, eta beste behin, lau t’erdiko final hartan bezala, Mikel Urrutikoetxearen aurka.


Retegi Bi-ri irabazita iritsi da amezketarra buruz buruko final-laurdenetara. Urrutikoetxeak aldiz bere txapelketako lehen partida zuen. Bengoetxea VI.ari, Irribarriari eta Rezustari gertatutakoa gertatu zaio  bizkaitarrari: lehenengoan kalera. Sakearekin min egiten hasi da, baina jokoan ez zen nagusi, eta
7-0ekoak ez zuen erakusten kantxan gertatzen ari zena.

Altuna III.a tantoa amaitzeko zailtasunekin ibili da, eta partidako lehen zati osoan horrela jarraitu du. Urrutikoetxeak 11. tantoa egin duenean, ordea, dena aldatu da. Amezketarra jokoan eta errematean nagusitzen hasi da, eta bizkaitarra partidatik joan da.


Sakea ere azpimarratzekoa suertatu da. Beroketa lanetan Elezkanoren sakea probatzen aritu dira bi pilotariak. Goitik behera, sei t’erdi inguruan eta ezker horma ukituta. Partidan Jokin Altuna izan da sakearekin min gehien egin duena. Batzuetan goitik behera, besteetan bizi aterata eta baita labur antzekoekin erotu du Urrutikoetxea.

Emaitza: zortzi sake! eta 22-16 eta finalerdietara. Bertan Ezkurdiaren aurka jokatuko du maiatzaren 13an, Bilbon.   


IKAZTEGIETAN, IGANDEAN
Promozio Txapelketako finalerdiak ere gaur erabaki dira Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Erasunek eta Ugaldek jokatu dute bertan, eta zizurkildarrak lortu du garaipena, 22-21. Ondorioz, finalerdietan Urretabizkaia II.aren aurka jokatuko du Erasunek, Ikaztegietako pilotalekuan, igandean.


Jaialdia 17:00etan hasiko da eta txapelketak partidaz gain binaka beste bat jokatuko da, Jaka-Merino II eta Irribarria - Erostarberen artekoa. Ikaztegietarrek herritarra animatzeko herri bazkaria antolatu dute, eta izena Ostatuan eman beharra dago, larunbata baino lehen.

JOKIN ALTUNAREN ESANAK:
"Ikaragarria izan da. Hasieran 7-0 joan da eta agian kanpotik ematen zuen galdu egingo nuela. Erasokor ari nintzen, baina ez nuen asmatzen. Halere, ni oso ondo ikusten nintzen, eta fisikoki ere bai".

"Urtetik urtera hobeto ikusten dut nire burua buruz burukoan. Eskuinarekin ondo gozatzen dut, eta nik uste hori ere lehen ondo egiten nuela, baina gero airez joan behar nuenean ez nintzen joaten, edo gurutzatu beharrean atzera jotzen nuen. Tantoa, itsututa, gaizki jokatzen nuen. Urtetik urtera, ordea, hobeto sentitzen naiz eta gaur ikusi da. Aurrekoa ere horrela izan zen, eta hau ere bai, ikaragarria da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!