Bertako bikoteak behar dituzte II. Ibarraldea Raid abentura proban

Asier Imaz 2018ko api. 26a, 13:52

II. Ibarraldea Raid, gehienez zazpi orduko proba, Berastegin hasi eta Ibarran bukatuko da maiatzaren 5ean; izena emateko epea bi egun lehenago amaituko da.

Bikoteak izena ematen hasiak dira, baina hutsunea eskualdean topatu dute II. Ibarraldea Raid-eko antolatzaileek. Tolosaldeko ordezkari bakarra dago oraingoz zerrendan, eta kopuru hori gizentzea da beraien helburua. Maiatzaren 3ra bitarte dago izena emateko epea. Horretarako, ibarraldearaid.blogspot.com.es webgunera sartu eta izen-emate orria bete behar da.

Euskal Herriko abentura ligaren barruko raid-a da Ibarraldekoa, baina herrikoi kutsua galdu gabe. Horregatik, edonork parte hartu ahal izango du. Beharrezko material bakarra iparrorratza da, mendiko bizikleta ahaztu gabe.

II. Ibarraldea Raid Berastegin hasiko da aurten, eta maiatzaren 5ean izango da. Amaiera Ibarran izango du gehienez zazpi ordu iraun behar dituen probak. Irteera 10:00etan baldin bada, amaiera 17:00etan izango da. Lau sektore izango ditu Euskal Herriko Ligako lehen proba honek. Trekking-a, mendi bizikleta eta proba bereziak izango dira lau sektore horietan, beti ere, orientazioa ardatz hartuta. Izan ere, horixe da raid bat: «Lasterketa luzea, lur mota guztietan egiten dena, eta batez ere erresistentzia eta orientazioa neurtzen dituena». Hori bai, lasterketaren luzera parte hartzaileek erabakitzen dute, komeni zaienera edo euren ezaugarrietara egokitzeko aukera izaten baita.

PUNTUAK AZKAR PILATZEN

Raid batean ahalik eta puntu gehien bildu behar izaten da denborarik gutxienean. Euskal Herriko Raid Ligako proba guztiak zazpi ordukoak direnez, Ibarraldekoa horrelakoa izango da. Lasterketa aurretik banatuko zaizkie bikoteei ibilbideak, eta horien arabera, kontrol guneetara edo balizak dauden lekuetara joan beharko dute. Hain justu, baliza horiek ematen baitituzte puntuak. Zailtasunaren eta distantziaren arabera, baliza horien balioa handiagoa edo txikiagoa izango da puntuetan. Ahalik eta gehien bildu ondoren, helmugarako bidea egin beharko dute, gehienezko denboratik atera gabe, penalizaziorik ez baldin badute nahi behintzat.

Bikoteka egiten da Ibarraldeko Raid-a. Hiru motatakoak izan daitezke bikoteak: mutilez osatuak, neskez osatuak edo mistoak. Guztiak helmugara iristen direnean sari banaketa, zozketa eta bazkaria jasoko dituzte, Ibarran. Xehetasun guztiak Ibarraldea Raid blog-ean daude. Behin guztia jakinda, errazena geratzen da: izena ematea!

HAINBAT DATU

Eguna: Maiatzak 5, larunbata.
Irteera: 10:00etan Berastegin.
Helmuga: 17:00etan Ibarran.
Iraupena: Gehienez 7 ordu.
Bikoteak: Mutilak, neskak edo mistoak.
Izen ematea: Azken eguna maiatzaren 3a izango da. Izena emateko ibarraldearaid.blog.com.es webgunean.
Probak: Trekking, mendi bizikleta, toka eta memoria orientazioa.
Ondoren: Parte hartzaileentzat bazkaria, sari banaketa ekitaldia eta zozketak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!