Etxebizitza gehigarria

«Bakarrik bizitzea ez da aukera bat gaur egun, ez baikara autonomoak, ez ekonomikoki, ez sozialki»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 26a, 11:59

Arazo sozial baten hariari tiraka sortu da Abaraska proiektua, Donostian. Herritar talde batek etxebizitza eredua irauli nahi du, Gipuzkoako hiriburuan bizi ahal izateko, eta erreferentzia sendoan baliatu dituzte, horretarako. Manex Izagirre (Tolosa, 1986) da kolektiboko kideetako bat, eta beren bide-orriaz eta helburuez aritu da. Besteak beste dio, Abaraska etxebizitza kooperatiboa edonon martxan jartzeko moduko egitasmoa dela.

Donostiako hirigunean modu duinean bizitzea ezinezkoa dela diozue, eta horri aurre egiteko proiektua da Abaraska.

Bai. Alokairuen prezioak oso garestiak dira eta, gainera, kasu gehienetan, etxeak utzi egin behar izaten dira; udan ez bada, hiru urtez behin. Etxe bat erostea, berriz, ia pentsaezina da Donostian, bizitza osoa hipotekatzea eskatzen baitu. Kezka horren bueltan elkartzen hasi ginen, beraz, arazo horri alternatiba bat bilatzeko asmoz.

Kide kopurua mugatu egin duzue, ala jende gehiago batu daiteke proiektura?

Orain 40 kide inguru gabiltza Abaraskan, eta hortxe jarri beharko dugu muga, batez ere, funtzionamenduaren mesedetan. Izan ere, jende berria iristen den bakoitzean, gauza batzuk hasiera-hasieratik azaldu behar izaten dira, eta jada hartutako zenbait erabaki zalantzan jartzen dira berriro. Dena den, jende gehiago baldin badago, beste proiektu bat ere sor liteke, hau ez baita gure proiektua bakarrik; hau eredu aldaketa bat da.

Zein dira Abaraska Etxebizitza Kooperatiboaren ardatzak?

Guk etxebizitza ereduaren erabateko aldaketa defendatzen dugu, batez ere, bi arlotan: gaur egun etxebizitza bat eskuratzeko dauden mekanismoei begira, batetik, eta etxebizitzetan sortzen den elkarbizitzari begira, bestetik.

Lehenengo helburuari begira, arazo handienetakoa etxeen prezioa da, lurzoruak duen prezioagatik; ia beti, espekulatu egin dute horrekin. Horregatik, lurzoru hori merkatutik ateratzea da gure proposamena, legeak aurreikusten baititu horrelako egoerak. Badira lurzoru legeak, etxebizitza legeak nahiz kooperatiba legeak: lurzoru bat edo jada eraikita dagoen eraikin bat uztea da lege horien funtsa, erabilerarako. Eta, teknikoki, erabilera lagapena litzateke: ondasun hori irabazi asmorik gabeko erakunde bati uzten zaio, bertan etxebizitzak egiteko edo erabiltzeko. Horrenbestez, lur edo etxebizitza hori merkatutik kanpo geratzen da, eta bizitzeko etxebizitza bilakatzen da, ez espekulatzeko etxebizitza.

Kasu horretan, lagatze hori denbora tarte jakin baterako izaten al da?

Bai, normalean, legeak 75 urterako epea ezartzen du halakoetan, eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen erregimenean txertatzen ditu halako azpiegiturak.

Bigarren ardatzak bizimoduan eragin nahi du, komunitate izaeran.

Bai. Gaur egungo bizimodua nahiko hotza egiten zaigu: gure bizilagunak ez ditugu ezagutzen eta, askotan, gure inguru hurbila familiara mugatzen da. Hori aldatu eta bestelako bizimodu bat sortzea da gure asmoa. Kolektibitatea oinarri-oinarrian izanda, etxebizitza kudeatuko dugu: espazio komunak, haurren zaintza, otorduen prestatzeak,...

Ekonomiari berari beste ikuspuntu batetik begiratzea litzateke, ezta?

Bai, hori da, zailtasunak dituenari laguntzeko modu bat ere bada. Azken finean, bakarrik bizitzea ez da aukera bat gaur egun, ez baikara autonomoak, ez ekonomikoki, ez sozialki. Eta, aurrera begira ere, helduaroko bakardadeari beldurra diogu; horri ere heldu nahi diogu proiektuarekin.

'www. abaraska.eus' webgunean zenbait eredu aipatzen dituzue erreferentziatzat. Hiruzpalau proiektu horietatik zein eredu hartu nahiko zenukete?

Bartzelonan La Borda kooperatiba etxea eraikitzen ari dira jada eta, horrez gain, Bartzelonako Udalak beste zazpi lurzoru ere lehiaketara atera ditu, horrelako proiektuak martxan jarri ahal izateko. Gure eredua irudikatzerakoan hori izan dugu abiapuntu, baina uste dut denetik jaso beharko dugula; bidean goazen heinean, edango dugu batetik eta bestetik, ea zer egiten zaigun interesgarriago.

Zein finantzabide metodo erabiliko duzue?

Gu jabetzen gara, proiektu honek ez diola konponbiderik ematen behar handiena duen jendeari. Badago sarrera-kuota bat, 15.000-20.000 euro ingurukoa eta, norbait etxebizitza horretatik noizbait irtengo balitz, kuota hori bueltan jasoko luke.

Gero erabilera kuota bat ezarri ohi da, eta kuota garestiak izaten dira, batez ere, etxebizitza zerotik eraiki behar baldin bada. Horrelakoetan, ohiko banketxeetatik kanpoko finantzabideak baliatu izan dituzte, eredu hartu ditugun kasuetan: Coop57 delakoa, finabide etikoak edo crowdfounding-aren pareko finantzabide pertsonalak. Bartzelonan hala egin dute eta, egia esan, berehala lortu dute beharrezko aurrekontua. Horregatik, guk ere bideragarri ikusten dugu Donostian antzeko zerbait egitea.

Behin aurkezpena egin, eta kolektiboan ariko zaretenon taldea itxita, zein izango da hurrengo pausoa zuen bideorrian?

Berriki hasi gara erakundeekin, alderdi politikoekin, eragileekin eta auzo elkarteekin biltzen, ikusteko, Donostian nola mamitu daitekeen Abaraska proiektua. Gure asmoa da, batez ere, administrazio publikoan aldaketa bat sortzea, eta bestelako etxebizitza politikak sustatzea. Horregatik, nahiko genuke Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Donostiako Udalak gure eredua bultzatu eta, lehiaketa baten bidez, horretarako aukerak eskaintzea.

Baduzue eremu zehatzik begiz jota, zuen etxebizitza proiektua garatzeko?

Udalarenak edo publikoak diren lurzoruak begiratu ditugu, baina ez dugu zehazki bat aukeratu. Hori udalaren asmo eta aukeren araberakoa izango da.

Zein izan da zuen inguruko jendearen harrera, Abaraskaren berri eman diezuenean?

Egia esan, oso harrera ona izan dut inguruan, aldaketa baten beharra ikusten dutelako. Ezjakintasuna nagusi da horrelako gauzen inguruan, oro har, ez baitugu beste alternatibarik ezagutzen, betiko alokairuaz. Dena den, interneten badago informazioa, eta gaia ezagutzen duen jendearengana ere jo daiteke.

Uste duzu Abaraska erreferente izan daitekeela, eredu hori inguruan zabaltzeko?

Nik uste dut leku askotan lantzeko moduko eredua dela, bai. Azken finean, guk etxebizitza sozial bat egitea lortu nahi dugu. Kasu honetan, sektore publikoak ez luke kosturik izango; lurzorua utzi edo alokatu besterik ez luke egin beharko. Horregatik, uste dut herri askotan bultzatzeko moduko aukera bat izan daitekeela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!