Etxebizitza gehigarria

Etxebizitzen salmentak, gora

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 1a, 09:10

2017an 21.926 etxebizitza saldu ziren Hego Euskal Herrian. REBEKA CALVO

2013tik hona etxebizitzen salmentak gora egin du pixkanaka. Iaz eman ziren daturik altuenak, baina salmenta horiek ez dira oraindik krisia baino lehenagoko kopuruetara iritsi. Etxebizitzen salmenta %6,9 handitu da eta prezioak garestitu dira; hirugarren urtez egin dute gora. Hipoteken merkatua ere ari da suspertzen. Bigarren eskuko etxebizitzak dira salduenak.

Etxebizitzen merkatuan gorabeherak izaten ari dira. 2007an jo zuen goia etxebizitzen prezioak Hego Euskal Herrian eta gerora, krisiaren etorrerarekin, behera egin zuen. Zazpi urtez etenik gabe merkatu ziren bizitegiak eta azken datuek diote, abiada hartzen ari dela orain etxebizitzen prezioen igoera. Arrazoi nagusietako bat da gero eta etxe gehiago saltzen direla, horregatik ari dira igotzen salneurriak. Duela aste batzuk INEk emandako datuen arabera, 21.926 etxebizitza salerosi ziren 2017an Hego Euskal Herrian. Aurreko urtean baino 1.418 gehiago (%6,9).

Zehazki 2013tik 2016ra bi digituko igoera izan zuen urtero salmentak, baina iaz zertxobait behetik geratu zen. Moteltze hori, berez, 2016. urtearen bigarren erdian hasi zen, urte horren lehen sei hilabeteetan %20 ari baitzen hazten merkatua.

Hego Euskal Herriko datuak dira horiek, eta Gipuzkoan zentratuz gero igoera ez da horren nabarmena. Gipuzkoan %1,2 gutxiago saldu zen, 2016ean %15,5eko igoera eman zelarik.

Salmentak noski, hipotekekin lotura estua dute eta datu horiek nabaritu dituzte Ibarrako Laboral Kutxako egoitzan. Edorta Audikana Garcia de Bikuña sukurtsaleko zuzendariak azaldu duenez, beraiek hazkundea batez ere iaz nabaritu zuten. «Azken bi urteetan gure sukurtsalean eman ditugun hipotekak konparatzen baditugu igoera %70koa izan da», esan du. Igoera ikusita jendearen aurrezteko ahalmena igo ote den galdetuta Audikanak dio ez dela horrenbeste igo, «normalean familiaren laguntza izaten dute etxebizitzak erosteko, gehienetan, gurasoak izaten dira dirua uzten dutenak».

Etxebizitzen salmenta igo da beraz, baita prezioak ere, batak bestea ekarri du, baina batez ere bigarren eskuko etxeak saltzen dira. «Hemen ez da gehiegi eraiki, beraz, guk batez ere, bigarren eskuko etxebizitzak erosteko hipotekak dira eman ditugunak», esan du Audikanak. Datu orokorrek ere hori diote; krisia eta gero saldutako etxeen %20 baizik ez ziren berriak izan, azken hamarkadako portzentajerik txikiena, berrien bataz bestekoa jaisten aritu delako krisia hasi zenetik. Konparaketa egiteko beste datu bat: 2007an ia bi etxetik bat zen berria. Joera horrek 2010era arte iraun zuen, krisiaren aurretik eraikitzen hasitako etxebizitza saldo bat zegoelako oraindik saldu gabe.

Babestutako etxebizitzak

Etxe babestuen beherakada ere eman da. 2.306 babestutako etxe bakarrik saldu ziren iaz, Hego Euskal Herrian, 2016an baino %20 gutxiago. Burbuilaren aurretik etxebizitzen %15ek zuten administrazio publikoaren bultzada atzetik, baina iaz ozta-ozta iritsi ziren %10era. Etxebizitza libreen eta bigarren eskukoen salmenta %11 handitu da.

Erosleak batik bat, gazteak dira datuen arabera eta ondorioz, lehen etxebizitza da erosten dutena. «Gurean gazteek erosten dituzten etxebizitzak lehen etxebizitzak dira. Oporretarako eta asteburuetarako erosten diren etxebizitzen merkatua geldi dago, hipotekekin ez dira erosten behintzat», esan du Ibarrako sukurtsaleko zuzendariak. «Hipotekei begira gehienak etxebizitza erosi nahi duten bikote gazteak dira, ondoren etxea aldatzen duten bikote helduagoak daude, eta azkenik, eta kopuru oso txikian, pertsona bakarrek erositako etxebizitzen gaineko hipotekak daude».

Garestiago

Eskaera handiagoa dagoelako igo dira prezioak. Hori diote adituek. Eta igoera pixkanaka badoa ere, nabarmena izaten ari da. INEren datuen arabera, hirugarren urtez garestitu ziren iaz, Hego Euskal Herrian saldutako etxeak; %5,2 garestitu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %2,2 aldiz, Nafarroan.

2007an jo zuten goia prezioek eta ordutik goraka badoaz ere, ez dira krisi aurreko kopuruetara iritsi. INEren datuetan ikusten da Nafarroan prezioen bilakaera motelagoa dela: 2015ean %0,6 igo ziren, 2016an %1,7, eta iaz %2,2. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, hurrenez hurren, %1, %2,6 eta %5,2 garestitu dira azken hiru urteetan. Herri batetik bestera, eta auzo batetik bestera, alde handiak ematen dira, eskariaren arabera. Eskaria handiagoa den lekuetan gutxiago merkatu ziren etxeak eta orain bizkorrago ari dira garestitzen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %33 merkeago daude etxebizitzak 2007an baino. Eta Nafarroan %43 merkeago. Berez, oraindik ez dira iritsi 2012ko bataz besteko prezioetara. Biak garestitu dira hala ere, bai etxebizitza berriak eta baita bigarren eskukoak ere. Baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %7 igo dira etxe berrien prezioak, bigarren eskukoak %4,8 garestitu diren bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!