Etxebizitza gehigarria

Etxeen ikuskaritza, derrigorrezkoa

Babestutako edukia 2018ko api. 28a, 09:10

Arretxe Aholkularitza etxeko langileak, tartean GarbiƱe Zubizarreta arkitektoa. JON MIRANDA

Idiazabalen kokatuta dagoen Arretxe Aholkularitza etxeak eraikinen ikuskaritza teknikoa egiteko baliabide guztiak jartzen ditu bezeroen eskura. Datorren ekainaren 27a baino lehen 50 urte baino gehiago duten eraikinek, legez, ikuskaritza pasa beharko dute etxeko egitura, estalkia, fatxada eta ur hornidura instalazioak egoera onean daudela ziurtatzeko.

Euskal Herriko 50 urte edo gehiago dituzten etxebizitza guztiek ikuskaritza tekniko bat egin beharko dute, eta egindako azterketaren txostena aurkeztu beharko dute udalean 2018ko ekainaren 27rako. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 70.000 bat etxebizitzek aurkeztu behar dute eta Euskoregite Eusko Jaurlaritzaren Eraikinen Ikuskaritza Teknikoan (EIT) 5.000 eraikin baino ez zeuden erregistratuta duela urtebete. Ikuskatzea egin behar duten etxebizitzen jabeek arkitekto bat edo arkitekto tekniko bat kontratatu behar dute, haiek baitira halako lanak egiteko eskumena duten bakarrak.

Arretxe Aholkularitza etxeko Garbiñe Zubizarreta arkitektoa langintza horretan aritzen da; «azkenaldian gelditu gabe», lan bolumena «ikaragarria» delako. Ikuskaritza egin diezaieten eskatuz etxejabe asko gerturatu zaie azken hilabeteetan eta ekainera bitarteko data guztiak «hartuta» dauzkatela dio. «Ez dakigu luzapen bat egongo den edo zer gertatuko den, baina ez du astirik ematen 50 urtetik gorako eraikin guztiei ikuskaritza egiteko». Jabe askok duela gutxi arte ez dute ikuskaritzaren berri izan eta horri aurre egiteko etxez etxe informazioa banatu dute postontzietan Arretxe Aholkularitza etxekoek: «Ezezagutza handia dago eta gure gain hartu beharrean lan hori udalek edo Eusko Jaurlaritzak egin beharko lukeela iruditzen zaigu». Helburu berdinarekin sarean jarri dute www.ite.eus webgunea, eraikinen ikuskaritza teknikoaren inguruko xehetasunak eman eta horrela nahi duenak, «konpromisorik gabe, debalde eta klik bakar batean» norberaren eraikinaren ikuskaritza egiteko aurrekontua jaso dezan 24 orduko epean.

Bost aldagai aztergai

Ikuskaritza bisuala da eta azterketa egiteaz arduratzen diren arkitektoek eraikinaren bost alderi begiratzen diete: egitura, estalkia, fatxada, hornikuntza eta ur zikinen sarea. Arlo horietan zein «patologia» egon daitezkeen begiratzen dute eta horren araberako esku hartzeak proposatu. Eraikinaren beste bi ezaugarriri irisgarritasunari eta sinestamendu energetikoari begiratzen diete aztertzaileek, nahiz eta soilik, informazio gisa jasotzen duten txostenean.

«Ni oso flexiblea naiz, ez dut inor estutu nahi», dio Zubizarretak. «Garrantzitsua da diagnostiko bat egin eta bizi garen eraikina ebaluatzea. Azken batean norberaren onerako da. Azterketa eginda etorkizunean sor daitezkeen arazoen berri jaso ahal izango dute, istripuak izateko arriskuak murriztuz». Goiz batean egiten dute eraikinaren ikuskaritza arkitektoek eta bizilagunen artean galdeketa bat egiten dute etxean ikusten dituzten akatsei buruzkoa: hezetasun guneak, pitzadurak eta beste.

Behin ikuskatzea egin ondoren, bost gradutan bereizten dituzte arkitektoek eraikinean egin beharreko esku hartzeak: «Presazkoenak, gehienez 24 orduko epean zerbait egitea eskatzen du, eraikina kolapso egoeran egon daitekeelako edo kalte larriak eragin ditzakeelako. Horrelakoetan suhiltzaileei deitu behar zaie zuzenean». Bigarren mailako esku hartze larrietan hiru hilabeteko epea ematen zaie etxejabeei eraikinean aldaketak egin ditzaten, epe motzera arriskua sortu dezaketelako eta hirugarren mailakoetan berriz, urtebetera luzatzen da epea. Laugarren mailan, epe luzera egin beharreko hobekuntzak zehaztu eta urtebete baino gehiagoko epea ematen zaie jabeei esku hartzeko. Amaitzeko, bosgarren mailan, eraikinaren mantenurako egin beharrekoak zehazten dituzte, beti ere, etxebizitza hondatu ez dadin. EITak 10 urterako iraupena du, behin epe hori igarota, eraikinek berriz pasa beharko dute ikuskaritza.

Aholkularitza integrala

Ikuskatze guztiak ez dira berdinak, eta hortaz, eraikin batean eta bestean pasatzen duten denbora ere ezberdina da. Horren arabera aldatzen da baita ere ikuskatze teknikoaren prezioa. Rakel Aldasoro abokatua da eta eraikin kudeaketan aritzen da Arretxe Aholkularitza etxean: «Eraikinak dituen metro koadroen arabera eta jabetza partekatzen duten pertsonen arabera aldatzen da prezioa, baina 500 eurotik hasita, hortik gora joan daiteke».

Eraikin bakoitzean egin beharreko esku hartzeak zehaztu ondoren, konponketak behar bezala egin direla egiaztatzen duen agiria behar izaten dute etxejabeek. «Ziurtagiri hori egiteko aukera eskaintzen dugu eta behin txostena osatuta gu arduratzen gara udaletxean aurkezteaz, Eusko Jaurlaritzaren erregistroan gera dadin». Etxebizitza bakoitzaren adina ezagutzeko eta azterketen gaineko informazioa emateko osatu dute www.euskoregite.com/eu webgunea. Erregistroan aurkeztu beharko dute etxejabeek baita ere, eraikinaren liburua, hemendik aurrera derrigorrezkoa izango dena. «Liburu horretan, etxeko planoak, egitura eta estalkien ezaugarriak, orain arte egin diren esku hartzeak, eta mantentze lan guztia jasoko da. Aurrera begira informazio hori araututa geratuko da», dio Zubizarretak. Arretxe Aholkularitza etxean ere eskaintzen dute zerbitzu hori.

Gaur egun diru laguntza deialdiak ere badaude eraikinetan hobekuntzak egiteko Aldasororen hitzetan: «Irisgarritasun eta efizientzia energetikoari buruzko informazioa ematen da ikuskaritza txostenean eta egoera horiek hobetu nahi izanez gero ematen diren laguntzen inguruko aholkularitza ematen dugu guk. Gaur egun saritu egiten dituzte horrelako esku hartzeak, baina etorkizunean estuago neurtu eta derrigorrezkoak izan daitezke».

Derrigorrezkoa da, baita ere, 50 urtetik gorako eraikin guztiek EITa aurkeztea ekainaren 27aren aurretik baina «ezinezkoa» izango denez Zubizarretak ez daki zein neurri hartuko duten udalek txostena aurkezten ez duten eraikin jabeekin. «Guk behintzat, ekainetik aurrera ikuskatzeak egiten jarraitzeko asmoa dugu eta aukera hori eskaini nahi diegu herritarrei».

 

FITXA

Helbidea. Kale Nagusia, 48 Behea Erdia. Idiazabal.

Telefono zenbakia. 943 055 196.

E-maila. info@arretxe.eus.

Webgunea. arretxe.eus

Facebook. facebook.com/arretxe.aholkularitza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!