Eskualdeko zazpi herri Herriarteko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 26a, 08:36
Argazkia: Gipuzkoa Pilota

Aurten, lehen aldiz, gomazko paleta txapelketa antolatu dute eta eskualdetik Amasa-Villabona, Anoeta eta Tolosak hartuko dute parte. Eskuz, Altzo, Asteasu, Bidania-Goiatz, Tolosa eta Zizurkil izango dira Tolosaldeko ordezkariak.

Maiatzaren 6an jokatuko da 2018ko Herriarteko Pilota Txapelketako lehen jardunaldia. 18 herrik eman dute izena aurtengo edizioan, joan den urtean baino hiru gutxiagok. Horien artean ez da Aduna izango. Bai ordea Altzo, Asteasu, Bidania-Goiatz, Tolosa eta Zizurkil.

Asteasu izango da jokatzen lehena. Final hamaseirenetan Aiaren aurka neurtuko ditu indarrak. Aurrera eginez gero, Astigarragaren aurka jokatuko beharko lukete final zortzirenetan.

Hain zuzen, final zortzirenetan sartuko dira lehian eskualdeko gainerako taldeak, maiatzaren 20tik aurrera. Aurkari zaila egokitu zaio Tolosari, azken hiru edizioak irabazi dituen Azpeitia. Aurten ere txapela irabazteko hautagai nagusiak dira azpeitiarrak, eta garaipena lortuz gero, historia egingo lukete, inork ez baitu lortu txapela lau aldiz jarraian irabaztea. Bidania-Goiatzek, berriz, Oñatiren aurka jokatuko du estreinakoz.

Tolosarrak, bidania-goiaztarrak eta asteasuarrak, koadro berean egokitu dira. Beste aldean daude Altzo eta Zizurkil. Beste aurkari gogor bat egokitu zaie altzotarrei, Hernani. Zizurkilek, berriz, Andoainen aurka neurtuko ditu indarrak. 

Finala ekainaren 30ean jokatuko da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, 16:30etik aurrera.

Paletan, hiru ordezkari

Gomazko paletako lehia estreinakoz jokatuko da auten, eta oso erantzun ona jaso du deialdiak, 16 taldek eman baitute izena. Eskualdetik Amasa-Villabona, Anoeta eta Tolosa ariko dira lehen txapela irabazteko lehian. Maiatzaren 13an jokatuko dute lehen jardunaldia, eta zozketan eskualdeko derbia egokitu da. Tolosak eta Anoetak elkarren aurka jokatuko dute final zortzirenetan. Billabonatarrek, berriz, Azkoitia izango dute aurkari. San Joan egunez, ekainaren 24an, jokatuko da finala

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!